Iggy Pop... realzale?

Ez da ohikoa euskarazko kanta bat nazioarteko irratietan entzutea. Are gutxiago kanta hori Iggy Pop rock izar mitikoak jarri badu. Eta kanta hori Realaren himnoetako bat baldin bada, zer esanik ez. Bada, hori guztia batera gertatu da joan den igandean, artista estatubatuarrak Iggy Confidential saioari hasiera eman baitzion BBC Radio 6 irratian, Brigade Loco talde bergararraren Bultzada abestiarekin.
Abestia oso ezaguna da zaleen artean, batez ere mutilen partiduetan parte hartzen duen Bultzada animazio taldearen ereserkia baita. Anoetako irratietan sarri jartzen dute kanta.
Iggy Popek Bultzada kantarekin dio saioari, eta amaieran, aitortu du ez duela ezer ulertzen, baina gustuko duela bere soinu sendoa eta Social Distortion punk talde kaliforniarrarekin alderatu ditu.
Ondoren, Iggy Popek azaldu du Brigade Loco Bergarako taldearen kantua dela: “Gustatzen zaizkit. Californiako Social Distortion taldea gogorarazten didate. Hauek euskaldunak dira, Brigade Loco dute izena eta Bergarakoak dira, Gipuzkoako herri bat”, eta, horren ostean, taldeko kide bakoitzaren izenak aipatu ditu. Saioa Charles Mingusekin jarraitu zuen eta Alice Coltrane, Bob Dylan, Miles Davis, Serge Gainsbourg eta Yo La Tengo ere jo zituen, besteak beste.
Hemen entzun dezakezu saioa osorik.