Alkatea hautatuta, jai giroan murgilduta dago Intxaurrondo Zaharra
Intxaurrondo Zaharrean hauteskunde eguna izan zuten atzo, baina, hori bai, jai giroan. Izan ere, auzoko jaiak hasi aurretik egin ohi dituzte hauteskundeak, auzoko alkatea hautatu eta berak bota dezan txupinazoa. Hiru hautagai zeuden aurtengoan —Gari, Bedats eta Jimmi—, eta Bedatsek irabazi zuen.
Horrela, hitzartzean Donostiako alkate Eneko Goiari keinu bat egin ostean, berak bota zuen txupinazoa. Aurretik, ordea, Intxhaurguneko kideei 2023ko Intxaurrondotarraren Saria eman zieten, eta bi auzokidek aurreskua eskaini zieten. Alkateak txupinazoa bota bezain laster, Erramunstroa, aurten sortu duten jaietako pertsonaia aurkeztu zuten, eta auzoa jai giroan murgildu zen, eta asteburu luzea dute aurretik.