Azken hamarkadotako Porrontxo parte hartzaileenak izango dira
Iaz 40. urteurrena ospatu ondoren, hemen dira beste urte batez Egiako Porrontxo jaiak; askorentzat, udaren bukaera. Joan den urteko egitarau antzekoa prestatu dute, baina askoz auzotar gehiagok hartu dute parte antolaketan.
Iazko Porrontxo jaiak pandemiaren ostean normaltasunez antolatutako lehenengoak izan ziren, eta hori dela eta, jende andana joan zen Egiara; jai batzordeko Txomin Camporen arabera, gehiegi: «Bereziki larunbatean; kalejira egiteko arazoak izan genituen, esaterako. Oso nekatuta bukatu genuen, eta diru galerak ere izan genituen. Inflazioarengatik, diru laguntzak ez zituztelako igo eta jai batzordean jende gutxi egonda errazagoa delako kalkulu akatsak egotea eta diruak leku batetik edo bestetik alde egitea».
Hain zuzen ere, urte hasieran jai batzordean sei lagun baino ez zeudela nabarmendu du Campok, eta, hori dela eta, laguntza eskatu zutela auzoan: «Erantzun bat egon zen. Azkenean, hamabost eta hogei pertsona artean aritu gara jai batzordean lanean, eta kuadrillen batzarretara 25 kuadrillatako ordezkariak etortzen aritu dira; lana askoz banatuagoa dago orain». Jai batzordekoak azaldu duenez, gainera, askotariko auzotarrak sartu dira jaien antolaketan: «Gaztetxoak, auzora bizitzera etorri diren gurasoak eta abar. Horregatik, aurreikuspena da jaiak ondo aterako direla aurten. Ez dut uste iaz bezain beste jende etorriko denik, baina ausartuko nintzateke esatera azken hamarkadotako jairik parte hartzaileenak direla aurtengoak».
Berritasun batzuk dituzte
2022ko jaietako egitarauaren antzeko egitaraua prestatu dute, baina berritasun batzuk sartu dituzte. Besteak beste, haurrek euren jaitsiera propioa izango dute ostegunean, DJ propioarekin, jai batzordeko kideak azaldu duenez: «Azken urteotako joerari jarraipena emanez, haurren egitarauari indar handia eman diogu. Horrela, jarduera ugari daude haurrentzat, egunero. Hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu, jaiak auzo guztiarentzat direlako. Gainera, horrela txikitatik jaietan parte hartzen dute haurrek. Ildo beretik, ostirala gazteen eta helduen eguna izango da».
Larunbat arratsaldean gozatu ahalko da aurtengo beste berritasunetako batez, antzerkia kalean eskainiko baitute, 18:00etan eta 20:30ean: «La Farandula animatu da jaietan parte hartzera. Proposamena egin ziguten, adostasun batera iritsi ginen eta larunbat arratsaldean Ay amaak! antzezlana ikusi ahalko da Egia kalean», kontatu du Campok.
Porrontxoak Ostotsa tabernako Gui Ar De Guorld ekitaldi bereziarekin bukatzen dira urtero, baina aurten, udan ireki zuten Kaktus taberna berrituan egingo dute, jai batzordeko kideak dioenez, Ostotsako arduraduna «apur bat nekatuta» zegoelako: «Aitor Rubiok hartu du Kaktusen ardura orain, eta beti egon da Porrontxoetan oso sartuta. Baten batek esan zuen Aitorrek gustura egingo lukeela Gui Ar De Guorld, eta uste dut azkar iritsi zirela adostasun batera [barrez]».
Bestalde, jaiak denentzako jai izan daitezen, aurten ere Emakume* Brigada martxan da, eraso matxistak saihesteko eta gertatzen badira horiei aurre egiteko protokoloarekin.
«Jarduera enblematikoak» indartuta
Berritasunetatik harago, ez dira faltatuko Porrontxoetako jarduera arrakastatsuenak, besteak beste, Pala eta Pilota Txapelketa: «Egialai pilota elkartea sortu da duela gutxi auzoan, eta beraiek hartu dute txapelketa antolatzeko ardura. Kuadrilla bat ere sartu da laguntzera, eta, beraz, espero da aurten arrakastatsua izatea. Horrelako gauza enblematikoak indartu ditugu aurten».
Horrez gain, danborrada hirugarrenez egingo dute larunbatean, Camporen hitzetan, «indar handia» hartu baitu; parte hartzaile ugari izango ditu.
Jaietako osteguneko kuadrillen igoera edo jaitsiera da Egiakoen jarduera gustukoenetako bat, besteak beste, orduan botatzen dutelako txupinazoa. Horren inguruko bitxikeria bat kontatu du jai batzordekoak: «Txandaka egin ohi da igoera edo jaitsiera: urte batean jaitsiera egiten dugu eta hurrengoan igoera. Aurten, igoera tokatzen zen, baina bilera batean esan nuen, ‘denok nahiago dugu jaitsiera, ezta? Egingo dugu aurten ere jaitsiera?’. Eta halaxe egingo dugu! Hala ere, hurrengo urtera begira bozketa ofiziala egin beharko dugu, aldaketa mantentzen den erabakitzeko; Egiako parlamentuak oraindik ez du hitz egin [barrez]».