«Egon nahi genuen lekuan gaude»
Ohorezko txandan daude aurten ere Donostiarrako bi traineruak: Tolosaldea liderretik 2.16 segundora emakumezkoetan, eta Urdaibaitik 4.19 segundora gizonezkoetan. Bietan bandera irabazteko aukera dutela nabarmendu du Alberto Lopez presidenteak, eta helburu horrekin itsasoratuko dira igandean.
Zer balorazio egin duzue joan den igandearen inguruan?
Esan behar den lehenengo gauza da egon nahi genuen lekuan gaudela. Klub guztiek egon nahiko lukete ohorezko txandan, bereziki lehenengo postuan edo lehenengoen artean. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan lortu dugu hori.
Bestalde, Kontxako Banderan gauden kluben artean soilik lauk daukagu traineru bana gizonezkoetan eta emakumezkoetan: Cabok, Hondarribiak, Oriok eta Donostiarrak. Horrek Orioren eta Hondarribiaren moduko klub historikoen mailan egotera eramaten gaitu. Horrela, bi traineruekin gaude ohorezko txandan, eta ez da lehenengo aldia. Joera hori sendotzen ari da, eta are gehiago sendotu nahi dugu. Askotan errepikatu nahi dugu ohorezko txandan egotearena, askotan errepikatzen baduzu baten batean irabaziko duzulako; eta aurten izan daiteke.
Gizonezkoen zein emakumezkoetan alde txikia duzue liderrekin.
Emakumezkoetan, lau traineru bost segundo baino gutxiagoan gaude, beraz, edozeinek irabazi dezake. Gizonezkoetan, bost traineru gaude bandera irabazteko aukerekin; izan ere, kontsolazio txandatik bada ere, Zierbenak bere aukerak argi ditu. Beraz, bi kasuetan irabazi dezakegu, eta, gainera, hirugarren traineru onena gara bietan.
Emakumezkoetan, oso estropada lehiatua izan zen joan den igandekoa, eta, gizonezkoetan, lehenengo luzea kostatu egin zitzaigun, baina bigarrenean bigarren azkarrenak izan ginen. Gizonen estropadan atzetik aurrerako lan handia egin genuen, eta Orio aurreratu genuenean zein estropada amaitzean txalo asko jaso zituzten mutilek. Izugarria da Donostian Donostiarra txalotzen dela ikustea, egiten ari garen lan guztiarengatik. Horrek balio handia du.
Espero zenuten bi ohorezko txandetan egotea?
Bai, benetan gainera. Aurretik, argi esan genuen bi banderak irabaztera gentozela, eta hala izaten ari da. Ligei erreparatzen badiegu, ikusten dugu emakumezkoetan maila handia erakutsi dugula denboraldi guztian, eta gizonezkoetan ere oso estropada onak egiten ari ginela Galiziako estropadetatik hona.
Azken urteotan goranzko joera nabarmena izan du Donostiarrak.
Joera hori sendotzen ari da, harrobiko arraunlariekin, bereziki emakumezkoetan; hori oso garrantzitsua da. Jakina, arraunlariak fitxatzen ditugu, gainontzeko klubek egiten duten moduan, baina lan handia egiten dugu beheko kategorietatik.
Gizonezkoetan, bigarren trainerua mailaz igotzeko kanporaketarako sailkatu zen, eta arraunlari horiek dira etorkizuneko Kontxako Banderetan lehiatuko direnak. Eta emakumezkoetan are gehiago; benetan harrobiko arraunlariak traineruan daramatzan Donostiako kluba gara. Askok esaten dute Donostiarra fitxaketa asko egiten dituen klub bat dela, baina guk datuekin erakutsi nahi dugu ez dela hala: joan den igandean gure harrobiko bost arraunlari aritu ziren arraunean. Benetan fitxaketa askoko klub bat izango bagina esango genuke, baina ez da hala; emakumezkoetan, saiatu ginen Kontxako Bandera beste klub batekin irabazi zuten arraunlari batzuk ekartzen, baina ez zen atera eta beste proiektu batera itzuli ginen.
Nola egin diozue aurre aste honi?
Kirol arloan, beste edozein aste baten modukoa izan zedila nahi genuen, eta horretan ahalegindu gara. Eta, lehorretik, lortu nahi dugu Donostiarrako zaleak kaiko arrapalan egotea trainerua uretara doan unean zein itzultzen den unean. Kaletik gero eta jende gehiago ikusten da zuriz jantzita, eta gehiengoa gara dagoeneko, baina Donostian asko gustatzen zaigu estropada telebistatik ikustea. Horregatik, soilik falta zaigu zale gehiago egotea arrapalan, arraunlarientzako bultzada handia delako.
Ordea, Donostiak historikoki lotura du arraunarekin.
Donostiarrak ez du arrauna asmatu Donostian, ezta zaletasuna sortu ere. Donostiarrak ilusioa sortu du arraun zale donostiarren artean. Hiru belaunaldi daude: beteranoenek ez diote inoiz utzi Donostiarrakoak izateari –behin 70 bat urteko zale batzuk gerturatu zitzaizkidan egiten ari ginen lana eskertzeko, pentsa–, erdiko belaunaldia beste klub batzuetakoa izan da urte luzez eta gazteak Donostiarrakoak dira berriz. Horregatik, zaleek arrapalan egoteko ohitura hartzea nahi dugu.
Zer moduz daude arraunlariak?
Oso pozik eta iganderako gogo handiz. Gainera, klubetik oso gertu ikusten ditugu, oso eskertuta eta oso inplikatuta. Izugarria da arraunlariak horrela ikustea. Gainera, harrobikoak ere berdin daude, joan den igandean estropada ikusten ari baitziren, estropada bizitzen. Ez soilik Donostiarrakoak, baita Ur Kirolakekoak ere. Oso garrantzitsua da klub hori guretzat, eta, horregatik, horiek ere inplikatuta ikustea ederra da.
Iganderako zer aurreikuspen dituzue?
Bi banderak irabaztera goaz. Argi dago emakumezkoetan aukera gehiago ditugula irabazteko, oso berdinduta dagoelako guztia. Gizonezkoetan, Urdaibai eta Zierbena gure gainetik egon daitezke, baina bai Hondarribiak, bai Oriok eta bai guk gogor borrokatuko dugu irabazteko eta gipuzkoar onena izateko.
Beraz, aurten bandera etxean gelditu daiteke.
Uztailaren 8an etxean gelditu ziren Donostian jokatu ziren bi banderak, Euskotren eta Eusko Label ligakoak. Donostiarentzat eta klubarentzat egun handia izan zen, eta pasa den igandekoa ere egun handia izan zen. Garrantzitsuena egindako lana da, eta beti hor bazaude, azkenean irabaziko duzu.