Garapen iraunkorra, haurrengandik helduetara
Elikadura, aldaketa klimatikoa eta energia izaten dituzte mintzagai, besteak beste, Aieteko Hirugarren Adina Hirugarren Mundurako elkarteak ikastetxeetan ematen dituen tailerretan. 2030erako Agendarekin lotuta daude, eta irailean Donostian izango dira.

2030erako Agendako garapen iraunkorreko helburuei buruzko ikastaroak eskainiko ditu Donostiako bost ikastetxetan Aieten egoitza duen Hirugarren Adina Hirugarren Mundurako irabazi asmorik gabeko elkarteak, irailaren 18tik 22ra. Elkartea Bartzelonan (Herrialde Katalanak) sortu zen 1993an, eta 1995ean iritsi zen Gipuzkoara, iraunkortasun solidarioa praktikan jartzeko. Lankidetza eta sentsibilizazio kanpainetan egiten dute lan, eta herrialde azpigaratuetan ere proiektuak egiten dituzte, Hego Amerikan, zehazki.
2015eko irailaz geroztik, 2030erako Agendarekin lotutako tailerrak eskaintzen dituzte Gipuzkoako ikastetxeetan, eta batez ere, garapen iraunkorrerako hamazazpi helburuak lantzen dituzte. “Lan pedagogikoa egiten dugu LHko, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleekin. Planetak ingurumenarekin duen arazoa lantzen dugu, aldaketa klimatikoaren arazoa eta nolako ondorioak jasaten ari garen”, adierazi du Joseba Zabalak, Hirugarren Adina Hirugarren Mundurako elkarteko kideak.
Zabalaren arabera, praktikoak izaten dira tailer horiek, ikastetxeetan teoria dezente landuta baitago dagoeneko: “Ikastetxeetan teoria asko landu dute, baina arazoa da ez dagoela tailer praktikorik. Beraz, maketen, jostailuen eta teknologiaren bidez, proiektuak martxan jartzen ditugu eskola barruan”. Tailer horien hainbat adibide ere jarri ditu Zabalak. Horietako bat ikastetxeetan baratze ekologikoak jartzea da. “Batzuek badaukate, baina ez da soilik baratzeak lantzea, baizik eta hortik ateratzen diren produktuekin tailerrak egitea: marmelada egitea, janaria nola prestatu ikastea, dastamen eta usaimen saioak…”, zehaztu du.
Energiarekin lotutako tailerrak ere egiten dituzte: “Energiarekin lotuta, egiten duguna da maketa eta jostailu txikiekin eguzki sistema bat martxan jarri, auto elektriko bat abiarazi, eskolako argindarra eguzki energiarekin lortu eta irakasleentzako mugikorrak kargatzeko sistemak egin, besteak beste”.
Bost helburu nagusi ikastetxeetan
Hirugarren Adina Hirugarren Mundurako elkarteak eskaintzen dituen tailerren izenburua Agenda 2030. Garapen iraunkorreko hamazazpi helburuak nola bete ikastetxe batean bada ere, Zabalak aitortu du tailerren bidez ikastetxeen %95ek bereziki bost helburu bete nahi izaten dituztela: elikadura, bertako basoak, ekosistema, aldaketa klimatikoa eta energia. “Beraz, gehienetan bost helburu horietan zentratzen gara saioetan”, azaldu du.
Era berean, saio horien eraginkortasuna ere nabarmendu du elkarteko kideak, eta haurrak “bereziki kontzientziatuta” daudela adierazi du: “Ikasleengatik izango balitz, mundua erdi konponduta egongo litzateke. Eta irakasleen eskuetan egongo balitz ere oso erraza izango litzateke ikuskera aldatzea: kontsumo arduratsua, plastikoak ez erabiltzea, bertako basoak erabiltzea… Ikastetxeetan, 2030erako Agenda eta bertako hamazazpi helburuak oso sakonduta daude, eta ikasleek argi eta garbi dute nolako mundua nahi duten”, nabarmendu du.
Arazo nagusia “politikariek jartzen dituzten trabak” direla uste du Zabalak: “Adibide bat jartzeagatik, politikariei esaten diegu bertako elikadura nahi dugula, eta Gipuzkoako eskoletan lortu dugu soilik bost edo sei eskoletara bertako baserritarrek eramatea janaria. Energia berriztagarriei dagokienez, eskola guztiek jarri behar zituzten eguzki plakak, baina oso motel goaz, politikarien interesengatik. Askotan, ikasleak joaten dira udalbatzarretara, politikariei esateko eskolan zer landu duten”.
Guraso gehienak ere ez daudela kontzientziatuta adierazi du Zabalak: “Gipuzkoan, gutxi gorabehera gurasoen %15 dago kontzientziatuta eta egunero jartzen dute euren aletxoa. Beste guztiak oso motel doaz: oraindik asko kutsatzen dugu, plastiko asko erabiltzen dugu, kanpoko janari asko erosten dugu eta hori pena da, izan ere, Gipuzkoan bertako produktuak ekoizten dituzten sekulako baserritarrak ditugu, baina beraien produktuak ez dira iristen kontsumoaren %10era”.
Tailerrak Donostiako ikastetxeetan
Irailaren 18tik 22ra Donostiako bost ikastetxetan eskainiko dituzte tailerrak: San Jose ikastetxean, Axular ikastetxean, Jesuitinas ikastetxean, Aieteko herri eskolan eta Amara Berri ikastetxean. Orotara, LHko 380 ikasle arituko dira garapen iraunkorra lantzeko tailer praktikoetan, eta dagoeneko, prest dute ia guztia: “Eskoletan lehenengo bilerak egin ditugu ikasketa buruekin, zuzendariekin eta 2030erako Agendako arduradunekin, eta dagoeneko adostu dugu zein gai eman, nahiz eta gehienek lehen aipatutako bost gai horiek landuko dituzten. Espazioak prestatzen ari gara orain”.
Etorkizunean, ikastaro horiek Donostiako ikastetxe guztietara eta Gipuzkoara zabaltzea da elkartearen asmoa.