Gizon bat atxilotu dute eduki pedofiloa zuten bideoak partekatzeagatik
Espainiako Poliziak 22 urteko gizon bat atxilotu du Donostian, internet bidez haur-pornografia eduki eta partekatzeagatik. Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak ohar batean jakinarazi duenez, Madrilgo Ikerketa Teknologikoko Brigada Zentralak (BIT) Donostiako etxebizitza batetik artxibo pedofiloak partekatzen ari zirela antzeman zuenean hasi ziren ikerketak.
Erabiltzailearen internet zerbitzuen hornitzaileak emandako informazioari esker, agenteek etxebizitza geolokalizatu eta titularra identifikatu ahal izan zuten. Datu horiek Donostiako Polizia Judizialeko Brigada Probintzialeko II. Taldeko agenteen esku utzita, ikerketa aktibatu zen zaintza eta jarraipenen bidez. Hala, deskargak egiten ziren IP helbideko erabiltzailea identifikatu ahal izan zen.
Joan den asteartean, susmagarriaren etxebizitza miatu eta atxilotu egin zuten. Poliziak telefono mugikor bat, tableta bat eta disko gogor bat atzeman zizkion gizonari. Jakinarazi dutenez, etxean bertan haren telefonoak aztertuta, eduki pedofiloko bideo ugari zituela baieztatu zuten.