Groseko Ama Lur jatetxea itxiko dute
Groseko Karkizano kalean 45 urteko ibilbidea egin ostean, Ama Lur taberna eta jatetxea ixtea erabaki dute jabeek, erretiroa hartuko dutelako. Itxiera iragarri badute ere, jabeek azaldu dute 2024ko apirilean ixtea aurreikusten dutela. Lokala salgai dago, eta eskuratu nahi duenak 2,8 milioi euro ordaindu beharko dizkie jabeei bi solairuko eta 290 metro koadroko lokal honen truke, Idealista orrialdearen arabera.
Lertxundi familiak 1978an erosi zuten Karkizano kaleko 7. zenbakiko lokala, eta ondoren beheko eta alboko lokalak ere erosi zituzten. Horrela eraiki zuten gaur egungo taberna eta jatetxea. Besteak beste, oilasko errea egiten dute eramateko, eta jabeen arabera, zerbitzu horri esker Donostiatik kanpo ere ezaguna da Ama Lur.