Kontxarako ez dira soilik arraunlariak prestatzen
Igande honetan jokatuko da Kontxako Banderaren bigarren eta azken jardunaldia. Arraunlari gehienen helburua izaten da egunen batean Kontxan arraun egitea, baina egun horiek behar bezala ateratzeko lantalde zabala aritzen da lanean estropadak hasi baino hainbat hilabete lehenagotik, estropaden egunera arte.
Kontxako Banderak hainbat ezaugarri bereizgarri ditu udan zehar jokatzen diren gainontzeko estropadekin alderatuta: ez da ezein ligaren parte, baina banderarik preziatuena da, arraunlarientzat zein zaleentzat. Bandera jokatzen hasi baino lehen, sailkapen estropada bat jokatu behar dute Donostiarrak ez beste traineru guztiek —Donostia Arraun Lagunak ere hiriko taldea bada ere, antolatzaileek urtero sailkatze estropada jokatzera behartzen dute—.
Gainera, bandera bi jardunalditan jokatzen da eta, hala egiten den bakarra ez den arren —Zarauzko ikurrinean ere bi eguneko denborak batzen dira, esaterako—, jardunaldi horiek bi asteburutan banatzen dira. Beste bereizgarri bat, noski, asteburu horietan estropada ikustera elkartzen den jende andana da. Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko txoko askotatik —Galiziatik, batik bat— etorri ohi da jendea Donostiara Kontxako Bandera ikustera eta sortzen den giroaz gozatzera. Kontxako Bandera, zerbait bada, arraunaren festa baita.
Donostia Festak antolatzaile
Horren adierazle da banderaren antolakuntza Donostia Festakek eramatea, hirian udalak antolatzen dituen jaiak antolatzen dituen erakunde bera. Urtero, Euskal Jaien barruan antolatzen den jarduera garrantzitsuena izaten da Kontxako Bandera, hiriak duen jairik esanguratsuenetako bat, eta horren atzean lan handia dagoela adierazi dute Mariaje Torres Ugartemendia Donostia Festakeko zuzendariak eta Arantza Mitxelena Ferrer teknikari arduradunak.
Antolakuntza lanak otsailean hasten direla aipatu dute biek: «Neguko ospakizunen amaierak markatzen du estropaden antolakuntzaren hasiera». Estropaden antolaketan parte hartzen duten pertsona kopurua «oso ezberdina» da momentuaren arabera, baina hasierako lantaldea hamar eta hamabost pertsona artekoa izaten da. Festakez gain, Gipuzkoako eta Euskal Federazioko, Arbitro Elkargoko eta Donostiarrako kideek osatzen dute lantalde hori. Besteak beste, honako gaiak jorratzen dituzte: aurreko edizioaren balorazioa, berritasunak, aurretiko izen emateak eta aurrekontuaren eskaera. Torres eta Mitxelenaren esanetan, «urte horretako estropaden garapena zein izango den jakiteko lehen urratsa da».
Hortik aurrera, hurrengo data esanguratsua udaberria amaitzekotan dela iristen da. Izan ere, Kontxako Banderaren aurrekontua maiatza aldera zehazten dela aipatu dute antolatzaileek, eta behin hori eginda, xehetasun gehiagotan sartzeko aukera izaten dute. Esate baterako, data horietan hasten dira sariak eta akreditazioak prestatzen.
Banderei dagokienez, uztailaren 31 baino lehen jasotzen dira. 2016. urtera arte, Itziar Alduntzin eta Maria Jesus Lorenzo izan ziren, hurrenez hurren, gizonezkoen eta emakumezkoen banderak bordatzen zituztenak —Alduntzinek 33 urtez izan zuen eginkizun hori, eta Lorenzok 2008tik, alegia, emakumezkoen bandera jokatu zen lehen ediziotik; horrez gain, Lorenzok emakumezko eta gizonezko txapeldunei ematen zaien banderen erreprodukzioak ere egiten zituen—. 2017. urtean, ordea, antolakuntzak irizpideak aldatu, eta Valentziako enpresa bati eskatu zizkion banderak, kostuak gutxitzeko. Urte horretan sortutako polemikei erantzunez, Eneko Goiak adierazi zuen 2019tik aurrera banderak egitearen eginkizuna Donostiara «itzuliko» zela. Ordutik hona bestelako enpresek egin izan dute lan hori. Azken bi urteotan, esaterako, Danborrada enpresa arduratu da horretaz.
Kanpora begirako prestakuntza
Zenbait hilabetez etxe barruko lanak egin ondoren, kanpora begirakoak egiten hasteko unea Aste Nagusia amaitu ondoren hasten da, kalean ere orduan hasten baita jendea Kontxako Banderari begira jartzen. Azpiegitura aldetik, harmailak eta abarrekoak lehen sailkatze estropadaren aurreko astelehenean hasten dira jartzen. Torresen eta Mitxelenaren hitzetan, «espazio publikoa ahalik eta denbora gutxienean okupatzeko ahaleginean» egiten da hori.
Estropada eremua zehazteko, plano topografikoak hartzen dira erreferentziatzat. Horrek, antolatzaileek azaldu dutenez, baliza bakoitzak leku espezifiko bat edukitzea dakar, koordenadek markatzen dutena: «Barruko balizak eta emakumezkoen zein gizonezkoen estropaden ziabogenak argi eta garbi zehaztuta daude non jarri behar diren». Gauza bera gertatzen da estropada eremuaren alboetan jartzen diren buiekin eta gainerako elementuekin. Irteera eta helmuga markatzen duten ontzien eta ziabogaren arteko distantzia 0,75 itsas miliakoa da emakumezkoen kasuan, eta 1,5ekoa gizonezkoen kasuan, «ez gehiago, ez gutxiago». Gainera, traineru bakoitzak arraun egin behar duen kaleak 30 metroko zabalera du. Hori guztia topografoen eta balizak jartzen dituzten langileen lanari esker lortzen dute.
Estropada egunetan, arraunlari baino langile gehiago
Estropada egunak hurbildu ahala antolaketa lanak ere areagotzen joaten dira, harik eta estropada egunak iritsi arte: «Egun horietan 209 pertsona gara estropada ahalik eta segurtasun eta eraginkortasun handienarekin burutu ahal izateko funtzioren batean zuzenean lanean». Orain arte aipatutakoez gain, espazioen ikuskatzaileak, azpiegituren zaintzaileak, estropada eremuko kontrolatzaileak, garabilariak, osasun zerbitzuak, sorosleak, mugikortasun agenteak, Udaltzaingoa eta aginte postu aurreratua ere lantaldearen parte dira egun horietan.
Estropada egunetatik kanpo, arraun taldeek askatasuna dute kaira nahi dutenean sartzeko, entrenamenduren bat egin nahiko balute. Ordea, lehiaketa egunetan kaira iristeko ordutegia, hartu beharreko lekua eta trainerua uretaratzeko garaia zehaztuta daude, «taldeen arteko eta kaiko erabiltzaileen arteko bizikidetza egokia izan dadin».
Segurtasunari begira, Kontxako Banderak «Autobabes Plan berezia» duela adierazi dute Torresek eta Mitxelenak. Plan horrek estropaden antolaketan inplikatutako atal guztiak barnebiltzen ditu, eta itsasoan edo lehorrean gorabeheraren bat gertatuz gero zein irizpideren arabera jardun eta bakoitzak egin beharreko funtzioak zehazten ditu. Bertan daude sartuta segurtasunaz arduratzen diren erakunde nagusiak (Gurutze Gorria, Ertzaintza, suhiltzaileak, SOS Deiak eta abar), eta horiek guztiak Larrialdi Planaren zuzendariarekin komunikatuta daude.
Ildo horretatik, Torresek eta Mitxelenak nabarmendu dute Kontxako Banderak «aurrera egin» duela segurtasunean eta profesionalizazioan.