Kostako etsaiak

Egun on ikus-entzule zareten guztioi! Hemen gaude, zuzenean, Kontxako Banderako bigarren asteburuko estropadak hasteko zain. Lehengo asteko lehia biziaren ondoren, lortu dugu iraileko lehen astea gainditzea. Ez da gutxi, kontuan izanda badirela gainditzeko are zailagoak diren beste kontu batzuk ere: ikasturte berriak dakartzan gastuak, aurretik negu luzea dugula pentsatzea, lanera itzuli eta zure lankideak ezin jasatea —ez diot nireengatik, badaezpada ;)—, edo uda honetan ziztatu dizun karabela portugesaren markak azaletik ezabatzea, adibidez.
Azken horri dagokionez, zer moduz? Zu ere zorigaiztoko karabelekin topo egin eta estu besarkatu zaituen horietakoa al zara? Hala bada, animo, eta traineruei begiratzeaz gain, bainua hartu aurretik ongi ziurtatu uretan beste mota bateko etsairik ez dagoela. Gurutze Gorriaren iragarki labur honen ostean bueltan gara berriro ere, eta 11:00ak izateko bi minutu geratzen diren honetan, arraunlariei zorterik onena opatzea besterik ez zaigu geratzen. Has dadila norgehiagoka!