«Oso argi dugu Kontxako Banderaren bila goazela»
Kontxako Banderako lehenengo igandea pasatuta, dena erabakitzeke dago. Tolosaldea, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio daude ohorezko txandan, eta lau segundo eskas baino ez daude lau traineruen artean. Euskotren liga irabazi ondoren, Donostia Arraun Lagunakeko presidente Itziar Egurenek nabarmendu du Kontxako Banderaren bila joango direla igandean, denboraldia borobiltzeko; gogor lan egin beharko dute horretarako.
Lau traineru zaudete lau segundo eskasetan. Dena airean, ezta?
Aspaldiko Kontxako Banderarik irekiena dela esango nuke, ohorezko txandan lau traineru lau segundotan egotea ez baita batere ohikoa. Ikusi beharko dugu zeintzuk diren itsasoaren baldintzak igandean, kaleen zozketak non kokatzen gaituen, eta abar.
Ustez, lehenengo kalea da okerrena.
Bai, baina pasa den igandean ona izan zen; bigarrena izan zen onena, eta lehenengoa bigarren onena. Marea jaisten ari zen, eta nabaritu zen.
Gainera, beti onena da besteak daukana… Egia da horrelako alde txikiekin eragina dutela kale bakoitzak ematen dizkizun abantailek, horiekin jokatzen baldin badakizu. Baina gero taldearen kalitatea sartzen da jokoan, kale ez hain ona tokatuta ere erakutsi behar baita balio duzuna. Igandean ikusi zen hori gure neskekin: lehenengo luzean atzetik joan ziren, hiru segundora, baina itzulerakoan lan handia egin zuten, ia bukaerara arte euren kalean mantenduz. Hemezortzi ehunengatik ez zuten irabazi azkenean.
Atzetik aurrerako lan handia egin zenuten.
Bai. Pena gure arraunlariek abiadura hartu zutenerako Tolosakoak aurretik izatea. Tolosaldeak kristoren estropada egin zuen, eta denboraldi osoan egon dira ate joka. Igandean lehenengoak izan ziren, eta zoriondu baino ezin zaie egin; ulergarria da ondoren izan zuten poza.
Aurreikusten zenuten laukotea da ohorezko txandan dagoena?
Euskotren ligako emaitzak ikusita, hori aurreikusten genuen; gehienok apustu hori egiten genuen. Espero genuen alde handirik ez zela egongo lauron artean, baina ez lau traineruak lau segundotan egotea. Ikusleentzat eta kazetarientzat kristorena da horren alde txikia egotea, baina guretzat ez horrenbeste [barrez].
Egia da nahiago duzula aurrean alde gehiagorekin egotea, baina egia da, baita ere, emakumezkoen arrauna horrelako maila batean egotea dela igandeko irakurketarik onena. Gainera, benetan ikusgarria izaten ari da, ez da besterik gabe neskak animatzera doala jendea, baizik eta benetan lehiatuta dagoela bandera, eta jendea lehia hori ikustera doala. Emakumezkoen arrauna maila horretan egotea zoragarria da.
Sailkatze estropadan Oriok egin zuen denborarik onena, baina igandean laugarren onena izan zen. Lehenengo txandan atera izanak izan zuen eragina?
Egokitzen zaizunari ahalik eta etekinik handiena ateratzen jakin behar duzu. Egia da guk beraien erreferentzia genuela, baina nahikoa lan izan genuen gure txandan atzekoz aurrera arraun egitearekin. Bestalde, Oriok alde handia atera zien aurkariei, eta, beraz, aukera izan zuen nahi zuen kaletik aritzeko, eta hori ere abantaila handia da. Estropada ona egin zuten, baina bigarren txanda azkarrago joan zen; eguraldia ere aldatu zela esan behar da, baina, azkenean, Kontxako Bandera Kontxako Bandera da, ezin diozu azalpenik bilatu. Eta hemen ikusten da benetan nola iristen den bakoitza denboraldiaren une honetara. Horregatik, oso harro nago taldeak igandean egindakoarekin eta erakutsitako egoskorkeriarekin.
Zer moduz daude arraunlariak?
Oso gogotsu, oso motibatuta eta indartsu. Ikusi dute ondo zentratuta egiten badute arraun kristoren taldea direla; hiru segundoko aldeari buelta eman izanak indar asko eman die. Oso irekita egonda ere, asko sinisten dute taldearengan.
Nola egin diozue aurre aste honi?
Erabat igandeari begira. Bazekiten entrenamenduetan jendea begira izango zutela, eta kazetarien dantza kudeatzen jakin behar izan dute, profesionalak ez izanda ez baita erraza hori. Denborarekin ikasten zoazen zerbait da, eta ondo jakin behar duzu nori egin kasu. Kazetariak gutxietsi gabe, gure arraunlariek Juan Mari Etxaberi egin behar diote kasu.
Liga irabazi izanak Kontxako Banderarako bultzada eman dizue?
Bai, noski! Bultzada eman digu, erregulartasuna mantendu dugulako eta garaipen kopuru garrantzitsua lortu dugulako ligan. Aurretik egindako lanak lagunduko die arraunlariei, sinisteko ondo jartzen direnean ia garaiezinak direla.
Duela bi urte liga irabazi zenuten, eta ondoren Kontxako Bandera ere zuentzat izan zen. Iaz, aldiz, ez zenuten ez liga eta ez Kontxako Bandera irabazi. Aurten, liga irabazita, beraz, Kontxako Bandera irabaztea tokatzen da?
Oxala! Iaz oso talde ona genuen, baina gauzak ez ziren nahi bezala atera eta bigarren gelditu ginen, ez dela toki txarra ere. Aurten, talde txikiagoa dugu, baina oso ona ere bai, eta oso argi dugu Kontxako Banderaren bila goazela.
Denboraldia biribiltzeko ondo legoke, ezta?
Bikaina litzateke! Denok esango dugu merezi dugula Kontxako Bandera irabaztea, eta, hain zuzen ere, horren arerio onak izateak indartsuago egiten zaitu. Aurten lehenengo aldiz zortzi traineruko liga irabazi izanak beste heldutasun bat eman dio taldeari, eta igandean dena hain estu egonda, oso fin ibili beharko gara, hor egongo baita irabazteko gakoa.