Dena erabakitzeke dago
Iritsi da egun erabakigarria: gaur jokatuko da Kontxako Banderako bigarren jardunaldia, aurtengo bandera nork irabazten duen erabakiko duena. 11:00etan abiatuko dira emakumezkoak eta 12:00etan gizonezkoak, eta gogor lehiatu beharko dira, ez baitago ezer erabakita. Eguraldi ona espero da, olatu handirik gabe. Horrela, jai giroa izango da nagusi gaurkoan ere kaian eta Parte Zaharrean.
Emakumezkoetan, Donostiako bi traineruak, Donostiarrarena eta Donostia Arraun Lagunakena, ohorezko txandan daude, bandera eskuratzeko aukera argiekin. Tolosaldeak egin zuen denborarik onena joan den igandean (10:37.64), baina 0.18 segundora dauka Donostia Arraun Lagunak, 2.16 segundora Donostiarra eta 4.66 segundora Orio. Kontsolazio txandan Hibaika (+19.58), Hondarribia (+21.68), Zumaia (+27.22) eta Kaiku (+37.92) egongo dira.
Gizonezkoetan, Urdaibai da faborito handiena, 19:20.92ko denbora egin baitzuen joan den igandean. Hala ere, ez ditu oso urruti ohorezko txandako gainontzekoak: Hondarribia 1.25 segundora, Donostiarra 4.19ra eta Orio 4.97ra. Kontsolazio txandan Zierbena (+7.75), Cabo (+27.68), Getaria (+28.20) eta Ondarroa (+40.12) ariko dira. Ondarroak epez kanpo aurkeztu du bere errenkada, eta zigorra jaso du: arraun egin dezake, baina bere denbora ez dute kontuan hartuko.
Kaleen zozketa
Kaleen zozketa eginda, emakumezkoetan, Donostia Arraun Lagunak lehenengo kaletik ariko da, eta Donostiarra hirugarrenetik. Oriori bigarrena egokitu zaio, eta Tolosaldeari laugarrena. Ustez, lehenengo kalea da okerrena, baina egun bakoitzeko baldintza klimatologikoen eta itsasoaren egoeraren arabera aldatu ohi dira joerak. Kontsolazio txandan, Zumaia lehenengo kaletik ariko da, Kaiku bigarrenetik, Hibaika hirugarrenetik eta Hondarribia laugarrenetik.
Gizonezkoetan, Donostiarra bigarren kaletik ariko da. Bere txandakideei dagokienez, Oriori lehenengoa egokitu zaio, Urdaibairi hirugarrena eta Hondarribiari laugarrena. Kontsolazio txandan, Ondarroa lehenengo kaletik ariko da, Cabo bigarrenetik, Zierbena hirugarrenetik eta Getaria laugarrenetik.
Sariak
Irabazten duenak, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, bandera handia eta arraunlari bakoitzarentzako erreprodukzio bat etxera eramateaz gain, 25.000 euroko saria eskuratuko du. Bigarren sailkatuak 15.500 euro eramango ditu etxera, hirugarrenak 12.250, laugarrenak 9.200, bosgarrenak 7.150, seigarrenak 6.125, zazpigarrenak 5.100 eta zortzigarrenak 5.100.