Bidebietako Zinebide zinema zikloa bueltan da

Zinebide zinema zikloa berreskuratu dute Bidebietan, Bideak auzo elkartearen eskutik. Hilaren 22an eta 23an izango da, eta lau film proiektatuko dituzte, Bideberri institutuan: A todo tren. Destino Asturias (Santiago Segura, 2021) eta Normandie nue (Philippe Le Guay, 2018) ostiralean (19:00etan eta 22:00etan), eta Elkano, lehen mundu bira (Angel Alonso, 2019) eta Arbitrage (Nicholas Jarecki, 2012) larunbatean (19:00etan eta 22:00etan).
Lauetatik, Alonsorena izango da euskaraz emango duten bakarra; Normandie nue eta Arbitrage gaztelaniazko bertsioan proiektatuko dituzte: Normandia al desnudo eta El fraude. Emanaldi guztietan krispetak doan banatuko dituzte, eta hainbat film DVD formatuan zozkatuko dituzte emanaldien amaieran.
Bidebieta-La Paz bizilagunen sarea hasi zen 2021ean Zinebide antolatzen, baina iaz ezin izan zuten antolatu, “arazo teknikoengatik eta aurrekontu arazoengatik”. 2023an berriz antolatzeko asmoa zutela iragarri zuten, eta lortu dute, aipatu sareari lekukoa hartu dion Bideak auzo elkartearen bidez. Donostiako Udala eta Donostia Kultura egitasmoaren laguntzaile dira, eta auzoko establezimendu ugarik ere babestu dute zikloa.