Erraustegiaren aurkako giza katea egin dute beste urte batez Kontxako ur ertzean
Deialdian, Zubietako azpiegiturak inguruan sortzen dituen arazo kutsakorrez gain, Gipuzkoan bultzatzen ari diren beste bi erraustegien aurreproiektuei buruz ere ohartarazi dute.
Urtero legez, erraustegiaren aurkako oihu eta aldarriak entzun dira Kontxako estropaden jardunaldi erabakigarrian, Gipuzkoako hondakinekin dagoen “arazo larria” salatzeko. Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatuta, dozenaka lagun bildu dira ur bazterrean egindako giza katean, eta plan eraginkorrak eskatu dizkiete ordezkari politikoei, “zaborraren prozesu kutsakorrak ekidin eta hondakinen murriztea, berrerabilpena eta birziklapena” sustatzeko.
Aldundiak bideratutako zabor politika honek gainera, Gipuzkoako gaikako bilketan eragin negatiboa izaten hasi dela adierazi dute eragileek. Azken hiru urteetako datu ofizialen arabera, hondakin organikoen bilketa biztanleko 80 kilotik 75era jaitsi baita, eta sortutako errefusa, aldiz, 177kilotik 184ra igo; bildutako datu okerrenak Donostian jasotakoak dira.
Zubietako erraustegiari dagokionez, martxan jarri eta hiru urtera inguruko landare eta uretan izandako eragina nabarmendu dute, ToxicoWatch fundazio holandarrak eta Ekopoleko irakasle talde batek egindako azterketak gogora ekarrita. Bide beretik, joan den urtean, Arkaitzerrekan sortutako isuri toxikoei harira, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK) konponbiderik bilatu ez izana salatu dute.
Eragile sindikal eta sozial askoren babesaz gain, Bergarako Larramendiko Arnasa eta Urretxu-Zumarraga Bizi plataformek bat egin dute deialdiarekin, herri horietan sustatzen ari diren paper fabriketako hondakinen eta plastikoen erraustegien aurka. “Zentzugabekeria hutsa” dela aldarrikatu dute erakundeek, herrietako kaskoetatik gertuegi egongo liratekeen proiektu horiek nabarmen kutsakorrak izango liratekeelako zonalde horietan ere.