Xabier Mikel Azparren Q36.5 taldean ariko da hurrengo denboraldian
Xabier Mikel Azparren txirrindulari donostiarrak (Egia, 1999) Euskaltel taldea utziko du, hurrengo denboraldian Q36.5 Pro Cycling Team taldean aritzeko. Donostiarrak azken hiru denboraldiak pasatu ditu Euskaltelen, baina agur esateko unea iritsi dela iragarri du sare sozialetan: “Etxean egun batzuk pasatu eta gero, prest gaude niretzat kolore laranjaz korrituko ditudan azken lasterketetarako. Talde hau osatzen duten guztiei eskertu nahi nieke niregatik hiru urte hauetan egindako guztia, eskutik eraman naute bidean eta gaur egun naizenean bilakatu naute”.
Azparrenek 2021ean egin zuen debuta txirrindularitza profesionalean, eta Euskaltelen dihardu ordutik; azken hilabeteotan, gainera, Enekoitz anaiarekin batera aritu da talde horretan. Q36.5 talde suitzarrak azaldu du denboraldi bateko kontratua egin diotela donostiarrari, eta fitxaketarekin pozik agertu dira: “Uste dugu bere euskal izpiritua eta ausardia etorkizun handiko aktiboa izango direla gure taldearentzat, eta datorren denboraldian elkarrekin garaipen handiak lortzea espero dugu”.
Kirol ikuspegitik, fitxaketa aurrerapauso bat da Azparrenen ibilbidean, nazioarteko egutegia duen taldea baita aurten sortutako Q36.5 Pro Cycling Team suitzarra, World Tour mailan sartzea helburu duena.
Etxean egun batzuk pasa eta gero prest gaude niretzat kolore laranjaz korrituko ditudan azken lasterketetarako. Talde hau osatzen duten guztiei eskertu nahi nieke niregatik 3 urte hauetan egindako guztia, eskutik eraman naute bidean eta gaur egun naizenan bilakatu naute. pic.twitter.com/DIgw8Q0Ljs
— Xabier Mikel (@azparren_99) September 10, 2023