Emakumeen artean bizikletaren erabilera zabaltzeko jardunaldi bat antolatu dute
Cristina Enea Fundazioak jardunaldi bat antolatu du iganderako (hilak 17), “bizikletan ibiltzeko segurtasuna eta erraztasuna hartu nahi duten emakumeentzat”, Kalapie Donostiako txirrindularien elkartearekin elkarlanean. Hamar kilometroko ibilbidea egingo dute hiriko bidegorrietatik, ia guztiz laua, eta 10:00etan abiatuko dira Kalapieren egoitzatik (Iparragirre kalea, 8). Parte hartzeko, izena eman behar da, Cristina Enea Fundazioaren webgunean.
Kontsumo arduratsua sustatzea helburu duen Berriz Berri kanpainaren barruan antolatu dute jardunaldia, eta Kalapieko kide Maite Alvarezek gidatuko du. “Lehenago bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroak antolatu izan ditugu, eta ona izango litzateke parte hartu zutenek orain jarduera honetan parte hartzea, erraztasun handiagoa hartzeko, baina irteera interesa duen edonorentzat da”, azaldu du Alvarezek. Bereziki emakumeentzako jardunaldia da, fundazioak dituen datuen arabera, gizonek gehiago erabiltzen dutelako bizikleta.