Haritzaldek uko egin dio Basque Culinary Centerrekin biltzeari, deialdia zuriketa berdea dela iritzita
Donostiako Udalak Manteo hirigintza eremuko erabilera Basque Culinary Center (BCC) fundazioari esleitu ondoren, BCC hainbat eragilerekin harremanetan jartzen hasi da, proiektuari buruz hitz egiteko. Haritzalde Naturzaleen Elkartea izan da BCCrekin biltzeko gonbidapena jaso duen eragileetako bat, baina kritiko agertu da deialdiarekin, eta jakinarazi du ez dela bilerara joango: “BCCren egoitza berriaren eraikitzeak dagoeneko behin-behineko onarpena du eta lursail publikoaren lagapena onartuta dago, beraz, proiektu honen edozein “informatzeko eta parte hartzeko” deialdi publizitarioa besterik ez da. Haritzaldetik deialdi hau greenwashing eta marketing jarduera bat dela kontsideratzen dugu, eta guk ez dugu zuritze honetan parte hartu nahi”.
Jakina den moduan, BCCk bere egoitza berria –Gastronomy Open Ecosystem izenekoa– eraiki nahi du Manteo inguruan, Groseko berdegune bakarrenetakoan, eta eragile ugari aurka agertu dira. Horrela, Haritzaldek “erabateko kontrakotasuna” adierazi du proiektuarekiko. “Hiri antolakuntza onura publikoaren mende jarri behar dela gogoratzen dugu, eta ez partikularren mende. BCCren egoitza berriaren eraikitze proiektua, Manteoko lorategi publikoetan, ez da onura publikoaren aldetik justifikatzen. Ez du ere alternatibarik aztertzen eta ez ditu hain pilatuta eta populatuta dagoen Gros auzoaren bizilagunen beharrak aztertu”, gaineratu dute.
Era berean, salatu dute “proiektu honen onarpenerako jarraitu den hiritarren parte hartze publikoaren prozedura kasik hutsala” izan dela: “Hau ez da kasuala, hirigintzako tramitaziorako tresna Plan Berezia izan baita, eta tresna honek garantia gutxiago eskaintzen ditu. Plan Orokorraren aldaketa puntuala izan behar zen hirigintza tramitaziorako tresna, informazio eta parte hartze epe luzeagoak dituenak”.
BCC erakunde pribatua da
Haritzalde kritiko agertu da Manteokoaren moduko lursail publiko bat BCCren moduko erakunde pribatu bati lagatzearekin: “Onartezina iruditzen zaigu. Lursail publiko hau hurbiltasuneko komunitate zerbitzuak ezartzeko aurreikusita zegoen, eta Ategorrieta-Ulia eta Gros auzoen zerbitzura egon behar du. Gogora dezagun Manteoko berdegune hau donostiar guztien ondarea dela. Udalak egindako lagapen hau ekipamendu komunitario mota zehaztu gabe egin da, hau da, ez da zehaztu zein izango den bere erabilera, zer kolektiboei emango dien zerbitzua, zer funtzio duen, eta zer behar aseko dituen”.
Ildo beretik, gaineratu dute “eremu libreak, hiri parkeak, lorategiak, enparantzak, oinezkoen guneak, jolas guneak eta aisialdi guneak” herritarren “aisialdi zein zabalkuntzarako beharrak asetzeko beharrezkoak” direla, eta ez direla “eraikigarriak izan behar”.
Horregatik, BCCren proiektuarekin Manteoko “hiri ekosistema txikia suntsituko da, eta gune publikoa eraikin erraldoiez beteko da. Eraikin hauek, ziur aski, eragin mespretxagarri bat izango dute gune horretan, hainbat afekzio sortuz”. “Nahiz eta proiektuak esparru libreen 2.400 metro koadro aurreikusten dituen, hauek ez dira erabilgarriak (hondar esparruak dira, eraikinen arteko pasalekuak, eskailera erraldoi bat eta abar). […] Hau ez da inolaz ere hirigintza jasangarria”, gehitu dute.
Horrela, proiektuaren sustatzaileei galdetu diete “ea sustapen turistikoa eta bisitarien erakarpenarekin jarraitzea beharrezkoa den, ondare eta diru publikoa, etxebizitzen prezioa, ingurumena eta donostiarren bizi kalitatearen kontura”.