'Inor ez dago urrun' performancea, aporofobiari buruzko gogoeta egiteko
'Inor ez dago urrun' ikuskizunean, pobrezia egoeran dauden pertsona talde batek hartzen du parte, arte eszenikoetako eta plastikoetako profesionalekin batera.
Aporofobia erdigunean jartzea eta pobreziarekiko dagoen gertutasunaz jabetzea bilatzen du ikuskizunak. Giza eskubideak eszenara programaren barruan kokatzen den sorkuntza artistikoa doan eskainiko da Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, irailaren 16an, bi emanaldirekin: arratsaldeko 18:30ean eta 19:30ean. Egitasmoa Nafarroako Bidebitarte mikrokooperatibaren eta Ados Teatroa antzerki konpainiaren arteko lankidetzan egin da, eta arte eszenikoetako profesionalen talde teknikoaz gain, etxerik gabeko 5 aktorek hartzen dute parte.
Proiektu sozial honek Iruñeko Paris 365 jantoki solidarioarekin egindako dokumentalean du jatorria. Hain zuzen ere, bertan parte hartu zuten erabiltzaileek Aporofobia STOP ikuskizunaren sorkuntza prozesura batu dira Ados Teatroa konpainiarekin batera. Orain, aurreko esperientziak performancean bildu eta dokumental horren proiekzioez gain, pobrezia egoeran dauden aktoreek eraikitako altzarien erakusketa gehitu dute emanaldian.
Emanaldiaren mezuaz gain, sormen prozesuaren lan metodologiaren nabarmentzen du Ados Teatroa taldeak, “kolektiboa modu positiboan ikusarazteko” eta eraldatzeko tresna izateaz gain, “ahalduntze prozesuak sortzeko bidea” ere eman duelako.