Mikel Azpirozek azaroan aurkeztuko du bere hurrengo diskoa
Mikel Azpiroz pianista donostiarrak prest dauka bere hurrengo diskoa: Pake Pieza. Bere proiektu pertsonalari jarraipena emango dio horrela, Gaua (2013), Zuri (2016) eta Islak (2020) argitaratu ostean. Azpirozek berak sortutako bederatzi pieza ditu lanak, eta oraingoan ere Karlos Aranzegi bateria eta Fernando Neira baxu jotzailea izan ditu bidelagun. Diskoa azaroaren 4an aurkeztuko dute, Viktoria Eugenia antzokian (19:30), eta sarrerak salgai daude dagoeneko.
Ibilbide luzeko musikaria da Azpiroz, eta kutsu intimista handiko musika egin du Gaua, Zuri eta Islak diskoetan. Elkano Browning Cream taldea ere badauka, eta hamabost urte baino gehiago daramatzate jotzen; blues kutsuko musika egiten dute, baina euren ukitu propioarekin. Hain zuzen ere, 2021ean atera zuten Eup! azken diskoa, eta hedabide honek luze eta zabal hitz egin zuen orduan Azpirozekin.