Tenisak eta La Perlak bizi duten «egoera kezkagarria» salatu du Goiak
Eneko Goia alkatea “kezkatuta” mintzatu da gaur (hilak 12), Tokiko Gobernu Batzordearen ondorengo ohiko prentsaurrekoan. Bertan adierazitakoaren arabera, udalak desadostasunak ditu Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiarekin, Ondarretako Tenisaren eta La Perla gunearen kontzesioen berritzeak direla eta.
Alkateak esan duenez, bi emakidak 2018an bukatzen ziren —75 urterako baimena zuten—, eta udalak kontzesio horien luzapena eskatu zuen, “erabilerak mantendu ahal izateko”. Alabaina, Kostaldeko zuzendaritzatik ezezkoa jaso dute —zehazki, ez dute erantzunik jaso, baina ez erantzuteak ezezkotzat hartzen dira—, eta emakida berriak eskatu beharko liratekeela iradoki dio udal gobernuari.
Hori egingo balute, ordea, eraikin horiek ezingo lukete gaur egun duten erabilerarekin jarraitu, Kosta Lege berriak itsasoarekin lotura zuzena duten jarduerak bakarrik baimentzen baititu. Hortaz, La Perlako bainuetxeak bakarrik jarraitu ahalko luke martxan —itsasoko ura erabiltzen du—, ez La Perlak dituen gainontzeko zerbitzuak, ez Bataplan diskotekak, eta ezta Tenisean dauden pistak ere. “Kostaldeko zuzendaritzaren jarrera horrek ez dauka inongo zentzurik, eta hiriari kalte ikaragarria egiten dio”, esan du Goiak.
Hori dela eta, alkateak iragarri du helegiteak aurkeztu dituztela bi emakida horien luzapena ezeztatzearen aurka. Abuztuan Ondarretako Tenisarekin egin moduan, La Perlako administrazio kontseiluak egoera horri helegitea jartzea adostu zuen astelehen honetan. Luzapen hori “posible” dela argudiatu du Goiak, eta ziurtatu du hori dela “bide onena gaur egun beharrezkoak diren erabilerak mantentzeko”: “Espazio eta erabilera horiek gure historiaren parte dira”.
‘Haizearen Orrazia’ artelanarekin ere arazoak
Era berean, egoera horrek Haizearen Orrazia eskultura multzoaren konponketa lanak atzeratu dituela salatu du alkateak. Izan ere, horiek egiteko baimena eskatu dio udalak Kostaldeko zuzendaritzari, baina baimen hori ukatu egin diote, kontzesioa iraungita dagoela argudiatuta —Ondarretako Tenisak eta Haizearen Orrazia-k emakida partekatzen dute—.
Egoera “larri” horren aurrean, Tokiko Gobernu Batzordeak Haizearen Orrazia artelanari dagokion kontzesio bat eskatzea erabaki du, Tenisak bizi duen egoeratik bereizteko eta “lanekin aurrera jarraitu ahal izateko”. Lursail hori erabilera publikoko eremua denez, alkateak dio emakida berri horrek ez lukeela arazorik izan beharko Kostaldeko zuzendaritzaren oniritzia jasotzeko, eta bertatik erantzun “azkar” bat jasotzea espero du.