Tigre eltxoa Donostian finkatu da
Klima aldaketak, salgaien garraioaren globalizazioak eta ibilgailuen mugikortasun handiak eltxoaren ugaltzea bultzatu dute Donostian, eta hirigune zein berdeguneetan zehar barreiatu da.
2018an Berioko autokarabanen kanpinean topatu zenetik lehendabizikoz, intsektuaren kontrolerako zaintza planaren jarraipena egin du Donostiako Udalak, Neiker erakundearen eta Eusko Jaurlaritzaren sailaren laguntzaren bitartez. Geroztik, gainerako lurraldeetako herri zein hirietan gertatu den moduan, goranzko joera izan du tigre eltxoaren (aedes albopictus) populazioak gurean ere, eta 2023an hiriko eremu zabaletan sakabanatuta eta finkatuta dagoela egiaztatu dute.
Bektoreek transmititutako gaixotasunak prebenitzeko, zaintzeko eta kontrolatzeko Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioaren Plan Nazionalaren arabera, Donostia 2a arrisku mailan egongo litzateke. Hala ere, azken urteetan intsektua ugaldu den arren, ez da kasu autoktonorik antzeman hirian, eta maila horretan ez dago fumigazio kanpainarik aurreikusita.
Tigre eltxoaren ezaugarriak
Egunean zehar ziztatzeko joera du, orduko 30-48 ziztada ematen ditzakete emeek, eta arropa finak gainditzen ditu; hanka eta oinetan erasotzen du bereziki. Ziztadak, baina, eltxo arrunt batenak baino handiagoak dira, eta gaixotasun biriko larriak kutsa ditzakete; hala nola, denge, zica eta chikungunya. Ugalketari dagokionez, ura duten edukiontzi naturalak bilatu ohi ditu: zuhaitzen enborrak, pneumatikoak, loreontzietako platerak, ontzi edota latak, besteak beste. Halako lekuetan 150 eta 250 arrautza bitartean uzten dituzte emeek errunaldi bakoitzeko, eta udako tenperaturekin, sei eta hamar egun artean behin sortzen dira eltxo berriak.
Gauzak horrela, eltxo emeek errunaldia egiteko izan ditzaketen baldintzak eragoztea da gakoa, Donostiako Udalaren arabera. Horretarako, lagungarriak dira euren webgunean zabaldutako gomendioak jarraitzea.