Keinu hizkuntza ikastaroak antolatu ditu Egia Zeinuka taldeak
Egia zeinuka taldeak 6 urte daramatza auzoko pertsona gorren bizitza errazagoa bihurtzeko asmoarekin lanean. Hain zuzen, egiako haur batek eskolan ikasteko eragozpenak zituela ikusita hasi zuten keinu hizkuntza irakasteko egitasmoa. Hasieran, eskolan zabaldu zen ikasteko interesa, eta pixkanaka, komunikatzeko oztopoak zeudela ikusirik, auzoko pertsona entzule askok eman zuten ikasten hasteko pausoa. Geroztik, hamaika ekitaldi egiten dituzte urtean zehar pertsona gorren errealitatea ezagutzeko.
Ikastaroari dagokienez, astearte eta asteazken arratsaldeetan egiten dira saioak, pertsona gor batek gidatuta. Euren argitalpenean azaltzen duten moduan, “modu praktiko eta bixian” ikasteko aukera eskaintzen dute, eta ikasturtean zehar ekitaldi gehiagotan parte hartzera edota bestelakoak iradokitzera animatzen dituzte ikasleak. Aurreko ikasturtean, esate baterako, Egiako Zeinu Hizkuntzaren Eguna ospatzeko ekitaldiez gain, keinu-potea antolatzen zuten hiru hilabetean behin, oporren aurretik. Aurten ere, zeinu hizkuntzan egindako ipuin kontaketa egongo da Porrontxoetako egitarauaren baitan.
Eskolak urritik maiatzera egingo dira Egiako Kultur Etxean, eta hileko 15 €ko kostua izango du. Adierazi dute, bestalde, bildutako dirua irakasleari ordainsari duin bat eskaini eta pertsona gorren inklusioari begira bestelako ekimenak gauzatzeko erabiliko dutela. Izen ematea egiazeinuka@gmail.com posta elektronikoaren edo zabaldu duten dokumentuan egin ahal izango da, eta interesa dutenek irailaren 22ra arte izango dute epea.
Ordainketa modua, hiruilekoa edo urtekoa izango da:
Urtekoa (urrian): 120€
Hiruhilekoa (urrian-urtarrilean-apirilean): 40€/hiruhileko