EITBk 'Itsatsita' izeneko websail musikala eskainiko du bihartik aurrera
Miren Arrieta donostiarrarekin batera arituko dira 'Dupla' taldeko Gari Uriarte eta Iker Huitzi aktorea.
Bertikalean kontatu eta kantatutako Itsatsita musikala estreinatuko du bihar EITBk, Miren Arrieta, Gari Uriarte eta Iker Huitzi aktore eta abeslarien eskutik. Pegados antzezlan katalanean oinarrituta, gaueko taberna batean elkar topatzen duten bi gazteren paperean sartuko dira Arrieta eta Uriarte. Sexuaren unerik gorenean trabatuta edo elkarri itsatsita geratu direla jabetuko dira. Une horretan, egoera surrealista grabatu eta Instagrametik zabalduko dute pertsonaiek.
Gau giroan lehenik, eta ospitaleko larrialdi gelan ondoren, sortutako tentsio egoeraren berri emango da eta atalen erdia musikatuak izango dira. “Umorea, tentsioa, musika, aitortzak, bizitza… horiek denak pasako dira ospitaleko boxean”, azaldu du EITBk. Orotara, 90 segundoko 39 bideo labur izango dira eta Instagram eta Tik-Tok sare sozialetako @itsatsita_eitb profilean eskegiko dituzte. Urriaren 18an zabalduko dute azkena, eta handik aurrera EITBren Primeran plataforman egongo dira ikusgai.
Miren Arrieta (Parte Zaharra, 1998) aktore donostiarra, abeslaria eta dantzaria ere bada, eta Altsasu, Ihesaldia edota Etxekoak telesailetan hartu du parte. Beste protagonista, Dupla taldeko Gari Uriarte abeslaria da eta aktore ibiliko da estreinakoz. Hainbat ataletan agertuko da, bestalde, Iker Huitzi Demode Quartet musika taldeko kidea.