Frankismoaren biktimak gogoratu ditu Genozidioaren Biktimen Elkarteak
Genozidioaren Biktimen Elkarteak frankismoan Donostian eraildako herritarrak omendu ditu asteazken honetan, beste urte batez, Ijentea kaleko Dual eskulturan. Irailaren 13a data seinalatua da hiriaren historian; hain zuzen, aurten 87 urte bete dira Errepublikaren kontra matxinatutako armada frankista Donostian sartu zela, “ia 40 urte iraun zuen amesgaiztoari hasiera emanez”. Agintari politikoek lore eskaintza egin dute goizean, leku berean.
Ekitaldian gertaera horrek eragin zuen sarraskian erail edo desagerrarazi zituzten ia 400 pertsonak omendu ditu biktimen elkarteak. Gainera, gogoratu dute frankismoak utzitako “markak” ez direla desagerrarazi: erbesteratuak, ondarearen lapurreta, seme-alaben bahiketa eta abar. Horien guztien artean, frankismoak euskarari eta euskal kulturari egindako kaltea nabarmendu dute.
Era berean, kritiko azaldu dira 1977an onartu zen Amnistia Legearekin, “bizirik jarraitzen duten kriminalei babesa ematen jarraitzen baitu”. Ildo horretatik, duela egun gutxi Txilen gertatu zena ekarri dute gogora, non Victor Jara hiltzea egotzita, zazpi militarri 25 urteko kartzela zigor irmoa ezarri zaien —irailaren 11n 50 urte bete ziren Augusto Pinochetek estatu kolpea eman zuenetik—. Hortaz, Espainiar Estatuan ere horrelako prozesuak bultatzeko beharraz mintzatu dira.