Frankismoaren biktimak omendu dituzte lore eskaintza batekin
Udalak diktaduraren eta 1936ko estatu kolpearen biktimak izan ditu gogoan Donostiako Oroimen Historikoaren Egunean.
Eguerdian egin da omenaldia, udaletxe atzealdeko Ijentea kalean, frankismoaren eta gerra zibilaren biktimak gogoratzen dituen Dual eskulturaren aurrean. Ekitaldian izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea eta udaleko alderdi guztietako ordezkariak, biktimen senide eta memoria historikoa babesten duten elkarteetako kideekin batera.
Frankisten tropak Donostiara sartu ziren egunarekin bat egiten duen biktimen omenaldira ere bertaratu dira Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Maddalen Iriarte batzarkidea, eta Jose Ignacio Asensio eta Azahara Dominguez foru diputatuak, besteak beste.
Eguerdiko ekitaldi instituzionalaz gain, Federico Garcia Lorcaren poemetan oinarritzen den ikuskizun antzeztua eskainiko da arratsaldeko 18:00etan, Udal Batzar aretoan.