Mugikortasun astean egingo dituen jarduerak aurkeztu ditu Kalapiek
Irailaren 16tik 22ra bitartean Europako mugikortasunaren astea ospatzen da, eta Kalapie elkarteak Donostiako Udalarekin, Cristina Enea Fundazioarekin eta Hernaniko Udalarekin lankidetzan, hainbat jarduera antolatu ditu.
Mugikortasuna astea Europako erakundeek abiarazitako kanpaina da, eta erakunde publikoek hainbat jarduera sustatzen dituzte. Helburua garraioak bizi kalitatean eta ingurumenean duen eraginari buruz gogoeta egitea da, baita mugikortasun aukera onuragarriagoak sustatzea bilatzea, hala nola oinez ibiltzea, bizikleta edo garraio publikoz.
(A)Parkaleku eguna- Irailak 15, ostirala, Zurriola pasealekua 14, 15:00-19:00
(A)Parkaleku eguna nazioarteko urteroko ekitaldi bat da, eta, egun honetan zehar automobilak aparkatzeko espazioak eremu publiko sortzaile eta funtzional bihurtzen dira. Ekimenaren helburua hiri-espazioa nola berrerabili daitekeen irudikatzea da. Transformatutako aparkalekuak aldi baterako parke, lorategi, instalazio artistiko eta abarretan bilakatzen dira. Era honetan, berdeguneen, kanpo aldeko ekintzen eta komunitatearen kale hartu emanak balion jartzea bilatzen da.
Kalapiek ekintzan parte hartuko du Zurriola pasealekuko bi plaza transformatuz ostiral arratsaldean. Bertan, gure hirietan autoa aparkatzeak eragiten dituen inpaktuei eta eraldatzeko dauden aukerei buruz hitz egingo dugu bertara hurbiltzen den jendearekin.
Zama bizikletak ezagutu eta probatu- Irailak 16, larunbata, Sagues, 10:00-13:00
Zama-bizikletak bizikleta arrunt batean eraman daitezkeenak baino karga handiagoak eta astunagoak garraiatzeko berariaz diseinatutako bizikletak dira. Bizikleta horiek egitura edo plataforma bereziak dituzte aurrealdean, atzealdean edo alboetan, eta tamaina handiko objektuak, salgaiak, ekipoak, haurrak edo bestelako kargak modu seguruan eta erosoan eramateko aukera ematen dute.
Hala ere, bizikleta mota hau ez dago gure hirian Europako beste hiri batzuetan bezain zabaldua. Beraz, Donostiarrek zama bizikletak ezagutu ditzaten, Saguesera hainbat zama-bizikleta eramango ditugu, bertara hurbiltzen direnek ikusi eta probatu ditzaten. Jarduera edozein herritarri irekita dago, ez dago izena eman beharrik.
Emakumeentzako bizikleta irteera – Irailak 17, igandea, Kalapie lokala (Iparragirre 8), 10: 00-14: 00
Igandean, Cristina Enea fundazioarekin elkarlanean, bizikletaz ibiliz segurtasuna eta erraztasuna hartu nahi duten emakumeei zuzendutako bizikleta irteera antolatuko dugu. Irteera honen helburua da emakumeen artean bizikletaren erabilera sustatzea; izan ere, urtetik urtera gora egiten duen arren erabiltzaileen ehunekoa gizonekin alderatuta, oraindik urrun gaude berdintasunezko egoera batetik (Gipuzkoako bizikletaren behatokiaren azken datuen arabera, erabiltzaile guztien % 39 baino ez dira emakumeak).
Gure lokalean geratuko gara, eta, zirkulazio-jarraibide orokorrei buruzko azalpen bat eman ondoren, ibilbide erraz bat egingo dugu hirian zehar, 10 km ingurukoa eta ia laua. Irteera amaitzeko lokalera itzuliko gara. Bertan, parte hartzaileek hamaiketako goxoa jasoko dute, indarberritzeko eta iritziak partekatzeko.
Oinarrizko mekanika ikastaroa – Irailak 18, 19 eta 20, Hernaniko Biteri Kultur Etxean, 17:30-19:30
6 orduko iraupena duen bizikletaren oinarrizko mekanikari buruzko ikastaroa. Parte-hartzaileek bizikletaren konponketak egiteko oinarrizko kontzeptuak ikasiko dituzte: zulaketak konpontzea, balazta-kableak aldatu eta tenkatzea, aldaketa-kableak ordezkatu eta tenkatzea, katea konpondu eta aldatzea, pedalak aldatzea, koipeztatze orokorra eta bizikleta prest jartzea. Gertatzen diren arazo batzuetan aurrera egiteko trikimailu batzuk ere ikasiko ditugu.
Bizikletaren bizitza luzatzeko tailerra- Irailaren 21ean, osteguna, Kalapie lokalean (Iparragirre 8), 18:30-20:30
Bizikleta mantentzeari eta bigarren eskuko bizikleta erosteari buruzko tailerra. Tailer honetan bizikletaren zaintzaren funtsezko jarraibideak ezagutu ahal izango ditugu eta bigarren eskuko merkatuan bizikleta bat nola eros dezakegun ere. Tailerraren amaieran bizikletaren mekanikari eta erabilerari buruzko galderak eta zalantzak argituko ditugu.
Urumearen ibai ertzetan pedalei eragiten- Irailaren 23a larunbata, Kursaal, 9:00-14:00
Bizikleta irteera Urumeako ibaiertzetan zehar. Irteera honetan, bizikletaz gozatzeaz gain, hobeto ezagutu ahal izango ditugu ibaian zehar eta bertako txoko ezkutu batzuetan dauden mugarri industrial, iragan eta presente garrantzitsuenak. 35 bat kilometroko ibilbidea egingo dugu, ia laua, eta bidegorri eta landa-bideetatik joango gara gehienbat.
Ibiltzen ikasteko ikastaroak- Irailaren 25ean, 27an eta urriaren 2an, 4an, Kalkutako Teresa plazan, 17:30-20:45
Mugikortasunaren astearen ondoren, gure ohiko bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroetako bat antolatuko dugu. Ikastaro hauek helduentzat dira. Ikasteko aukerarik izan ez dutenentzat zein bizikleta erabiltzeari aspaldi utzi ziotenentzat, erabilera ahaztu zaienentzat eta nolabaiteko erraztasuna eta segurtasuna berreskuratzeko leku mugatu bat behar dutenentzat.
Ikastaroa 4 egunekoa da eta irailaren 25ean (astelehena), irailaren 27an (asteazkena), urriaren 2an (astelehena) eta urriaren 4an (asteazkena) egingo da Kalkutako Teresa plazan. Lehenengo txanda 17: 30-19: 00 eta bigarren txanda 19: 15-20: 45. Informazio gehiago eta izena emateko klikatu hemen