Atzerriko talentua eta enpresak erakarri nahi ditu Basque Culinary Centerrek Groseko egoitzara
Grosen eraikiko duten Gastronomy Open Ecosistem proiektua aurkeztu eta horren inguruan sortutako kezkak argitu nahi izan dituzte Basque Culinary Centerreko arduradunek.
“Gizartearentzat aberasgarria” izango den ikerketa zentroa irekitzea dute helburu Basque Culinary Centerreko (BCC) arduradunek. Hala azaldu du gaur goizean egindako aurkezpenean Asier Alea BBCko garapen globaleko zuzendariak: “Egun ditugun ikasleak nazioarteko enpresa, start-up eta ekintzaileekin batera lanean arituko dira proiektu berrian”. Donostia ikerketa eta berrikuntza gastronomikoen “munduko hiriburu” izatea nahi dute, nazioarteko jendea eta enpresak erakartzeko: “Elikaduraren esparruan ez dago zentzumenen eta ikerketaren alorreko berrikuntza zentrorik inon” azaldu du Aleak.
Eraikinaren lanak hasteko bi hilabete falta badira ere, oso argi dituzte bost urteren buruan lortuko dituzten emaitzak: “Kanpoko 170 enpresa, ekintzaile eta ikertzaileekin lan egitea aurreikusten dugu”. Era berean, egoitzak 180 start-up baino gehiago jasoko dituela iritzi dute, eta berrikuntza eta ikerketara bideratutako 800 proiektu (%30 atzerrikoak) landuko direla.
Kezkak argitzen
Proiektuak auzoko bizilagun eta elkarteengan sortu duen aurkakotasunaz jakitun, egoitzaren inguruko xehetasunak argitu nahi izan ditu Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak, bere hitzetan, “informazio faltak sortzen baititu kezkak”. Hala, Groseko berdegune bakarra suntsituko dutela dionenen aurrean, azpiegituraren berdegune publikoa mantentzen “saiatuko” direla defendatu du: “Zuhaitzen %80 birlandatzeko ahalegina egingo dugu eta ez da lurrazpiko aparkalekurik eraikiko”. Lur Paisajistak enpresako Iñigo Segurolak garatu du hain zuzen, “aztarna berdea” mantentzen saiatuko den proiektua eta udalak erabakiko du non ezarriko diren zehatz-mehatz birlandatutako zuhaitzok. Nabarmendu nahi izan du, halaber, Okendo Aldeko espazio osoaren %15 hartuko duela eraikinak: “Lagatako lursailak 3.800 m2 ditu, eta egoitza berriak 24.250en %15 baino ez du hartzen”.
Azalpen horiek auzokoek sortutako zalapartaren erantzun gisa iristen ote diren galdetuta, Aizegak adierazi du “une egokia zela” uste izan dutenean hitz egin dutela: “Orain arte, araudia betetzera bideratu gara”. Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak egoitzan inbertitu behar diren 24 milioien kritikaren aurrean, baina, “irabazi asmorik gabeko fundazio bat” direla errepikatzera mugatu dira eta hortaz, ezin dela “higiezinen espekulaziotzat” hartu enpresa pribatuekin lan egiten badute ere.
Eraikuntzaren lizitazioa aurkezteko epea pasa den ostiralean bukatu zen eta urriaren erdialdean esleitzea aurreikusten dute. Bitarteko epe horretan, informazio bilerekin jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute, halako “berrikuntza irekiak herritarren parte-hartze aktiboa” eskatzen baitu Begoña Rodriguez BCCren Innovation zentroko zuzendariaren iritziz: “uneoro izandako gardentasunarekin jarraituko dugu”. Gauzak horrela, proiektuaren aurka agertu diren eragileekin bilera sorta bat egin ez ezik, proiektua Groseko bizilagunei ere aurkeztuko zaiela baieztatu dute, lanak hasi baino egun batzuk lehenago. Ez dira bertaratu, ordea, atzo arratsaldean Uliako Auzo Elkarteak egindako bilerara.