Uliako Auzo Elkartearen eztabaida BCC, EAJ eta PSE-EE gabe egin da
Asteazken honetan eztabaida antolatu du Uliako Auzo Elkarteak, Basque Culinary Center (BCC) fundazioak Manteoko lursailean eraiki nahi duen eraikin berriaren harira. Eztabaidara 160 pertsona baino gehiago bertaratu ziren, aretoaren edukiera muga betetzeraino.
Auzo elkarteak bertara gonbidatu zituen udal talde politiko guztiak, baita BCCko ordezkariak ere, “bere proiektua gizartearen aurrean aurkezteko, leku publiko eta neutral batean, eztabaidaren epizentrotik gertu”. Hain zuzen, BCCk inguruko eragileekin bilera sorta bat hasi asmo duela jakin zenean iragarri zen eztabaida hau.
Uliako Auzo Elkarteak “gardentasuna sustatu” nahi izan zuen eztabaida irekia antolatzearekin, baina BCCko ordezkariak ez ziren bertaratu. EAJko eta PSE-EEko ordezkaririk ere ez zen joan —asteartean alkateak aurreratu zuen ez zela joango, “beste gauza batzuk” zituelako—; bai, ordea, EH Bilduko, PPko eta Elkarrekin Donostiako ordezkari bana. Bertan izan ziren hiru alderdietako ordezkariek “elkarrizketaren eta informazioaren alde” egin zutela nabarmendu du auzo elkarteak, EAJ eta PSE-EEren “suntsipenaren eta desinformazioaren” aurrean. Elkarteak kezkaz bizi du egoera hori, elkarrizketarako prest dagoen solaskiderik gabe sentitzen baitira.
Beraz, horrek horrela jarraitu bitarte protestan jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute, eta manifestazioa iragarri dute irailaren 22rako, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean hasi eta udaletxeraino.