Zazpi film proiektatuko dituzte Zinemaldi Alternatiboan
Zinemaldi Alternatiboa (San Sebastian Insurrectionary Fandango Festival) bueltan da, hamabosgarrenez (10+5). Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten, berriz ere, “proiekzioen gehiengoa gune autogestionatuetan eta kalean izango dira, hiri neoliberal honetan, herritarron harreman espazioak aldarrikatzeko, zinema bitarteko gisa, komunitateak josteko eta kultura eraldaketa sozialerako tresna moduan erabiltzeko”.
Hiriko hainbat herri mugimendurekin elkarlanean antolatu dituzte proiekzioak, eta elkarlan horietako bi nabarmendu dituzte. Alde batetik, Ehun mugimenduak hurrengo astebururako antolatu duen etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaldian parte hartuko dute, Habitar la Utopía filmaren proiekzioarekin. Bestetik, Uliako Auzo Elkarteak Basque Culinary Centerrek Manteon eraiki nahi duen egoitza berriaren aurka abiatu duen Zu gabe, parkeak kentzen dizkigute dinamikarekin bat egingo du Zinemaldi Alternatiboak, Jainkoak ez dit barkatzen dokumentala proiektatuz.
Jarraian, egitarau osoa ikus dezakezue:
- Irailak 22, Letaman gaztetxeko terrazan (Intxaurrondo): Salvador Seguí, historia de un anarcosindicalista (Gonzalo Mateos, 2023).
- Irailak 23, Sert plazako kanpaldian (Bentaberri): Habitar la utopía (Mariano Agudo, 2014).
- Irailak 25, Harrobi plazan (Añorga): Peregrino Modernoen oporrak (Aimar Uribesalgo, 2021).
- Irailak 27, EHUko Arkitektura Eskolan: Citizen Jane (Matt Tyrnauer, 2016).
- Irailak 28, Txantxarreka gaztetxeko terrazan (Antigua): Berfin (Özlem Yaşar, 2019).
- Irailak 29, Manteon (Gros): Jainkoak ez dit barkatzen (Josu Martinez, 2018).
- Irailak 30, Marruma elkartean (Gros): Bi arnas (Jon Mikel Fernandez Elorz, 2022).
2006an sortu zen
Zinemaldi Alternatiboa 2006an sortu zuten, Alde Zaharreko Gazte Asanbladarekin elkarlanean. Ondoren, hiru urtez ez zuten antolatu, 2010ean Kortxoenea gaztetxean antolatu zutenetik: “Bost urtez hartu gintuen Kortxoeneak, eta gaztetxeari omenaldia egiten dio ondorengo jaialdi guztietan egokitu izan dugun ‘+5’ aipuak. Izan ere, Zinemaldi Alternatiboak hiriko gune eta proiektu autogestionatuak lehenetsi ditu proiekzioak egiteko. Eta horrela jardun dugu urtez urte, harik eta COVID-19 birusaren agerraldiak egitasmoa egokitzera behartu gintuen arte. 2021ean, esaterako, zinema kalera atera genuen. Egitarau osoa kalean, aire librean programatu izana mugarria izan zen, aurrera begira aukera berri eta ederrak zabaldu genituelarik”.
“Zinemaren bidez gogoeta kritikoa sustatzea dugu helburu, gizarte gai eta gatazka ezberdinei buruzko lanak proiektatu eta hauek eztabaidan jarriz, pentsamenduak eragin eta arazoei aurre egiteko bitarteko komunak irudikatzea”, gaineratu dute antolatzaileek.