Berriz berri: berrerabili eta konpontzeko hamaika aukera
Eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun baliabide eta lehengaiak ez dira mugagabeak. Hori jakinda, Donostiako Udaleko Osasun eta Ingurumen Sailak eta Cristina Enea fundazioak Berriz Berri egitasmoa abiatu zuten martxoan, produktuen bizitza luzatzeko helburuarekin. Ordutik, hainbat dira gailu, arropa zein oinetakoen berrerabilpena eta konponketa sustatzeko egin dituzten sentsibilizazio jarduerak.
Hastapen instituzionaletik gizarte mailara egin du salto proiektuak, eta orain bezero, dendari eta eragile sozialak dira protagonista Berriz Berri dinamikan. Zenbait elkarte elkarlanean ari dira, beti ere, kontsumo arduratsua sustatu eta materialen erabilera bizitza luzatzeko asmoarekin. Eta ohiko salerosketaz harago, online baliabideak, ikastaroak eta antzerkiak dira berrerabilpena eta konponketa lanak indartzeko proposatzen direnak.
Mapa saretuz
Egin dituzten egitasmoen artean, Saretuz kontsumo eraldatzailearen aldeko Donostiako sareak bere webgunean ikusgai dagoen mapan bildu ditu egitasmoan parte hartzen duten establezimenduak. Bertan, auzoz auzo bisitak egin ostean, saltoki motaren arabera sailkatu dituzte dendak, bilatzaile batekin eta kokapen zehatzarekin. Arropa, osagarri edo oinetakoen konponketan aritzen diren lokalak, etxetresna zein gailu elektronikoen matxurak lantzen dituzten establezimenduak eta bizikleta nahiz patineteen tailerrak topatu daitezke bertan, besteak beste. Une honetan 50 saltokitik gora daude online bilatzailean, eta, gainera, edonork parte hartu dezake, bere proposamenak webgunearen bitartez iradokiz.
Proiektuan dauden saltokiek opari bonuen zozketan parte hartzeko esku-orriak banatzen dituzte erosketetan; guztira 100 euroko hamar sorta zozkatuko dira irailean.
Mapan aurkitu daitezkeen saltokien artean, Egia auzoko Karmengo Andre Maria kalean kokatutako Citores oinetakoen konponketa denda dago. Egitasmoak harrera ona izan duela diote jabeek. Azaldu dutenez, Berriz Berri programako opari bonuak «pozik» hartzen dituzte bezeroek, «kontsumo arduratsuari eskertza egiteko modu bat» delako. Era berean, bonu zozketan parte hartzeko nahia baino, bezeroek «arduraz kontsumitzeko duten gogoa» gailentzen dela nabarmendu dute zapata dendakoek. Gazteak konponketekin eta berrerabilpenarekin kontzientziatuagoak daudela uste dute dendari hauek. Hala ere, etorkizunean euren moduko saltokiak desagertu egingo diren susmoa adierazi dute, beraien ustetan belaunaldi erreleboa ez baitago ziurtatua.
Autonomia eta ezagutzarako tailerrak
Konponketa asko norberak egiteko modukoak direla uste dute antolatzaileek; ezagutza edota praktika faltaren ondorioz, aldiz, askotan puskatutakoa bota eta berri bat erostea ohiko joera da egungo gizartean. Tailerren bitartez, Do It Yourself delakoa edo zuk zeuk egizu filosofia sustatzen da, bakoitzak bere bizikletaren mantenu lanak, botoi josketak edo arroparen neurri aldaketak egin ditzan. Hori, gainera, ez da mugatzen norberaren beharrak asetzera. Ezagutza partekatua eta elkarrekin ikasteko aukera ematen dute tailerrek, eta zuk zeuk egizu pentsaerak ekar dezakeen norberekeriaz harago, Do It Together edo egigu batera postulatua indartzen da; hala dio HorKonpon konponketa lantegiak.
Bide horretan, bizikleta konponketa eta mantentze lanetan trebatzeko tailerrak eskaini dituzte Kalapie hiriko txirrindulari elkartearen bidez. Halaber, bigarren eskuko bizikleta erostean kontuan hartu beharreko ezaugarriak ezagutu daitezke saioetan.
Ehunez egindako produktuak moldatu eta zaharberritzeko tailerrak ere egin dituzte, eta izandako harrera ona ikusita, joskintza saioak gehitu eta oinarrizko konponketa eta puntada saioei proposamen berriak gehituko zaizkie aurrerantzean.
Galderak antzerki bidez erantzun
Sarean eta auzoetako lokaletan ez ezik, sentsibilizazio jarduerak eremu gehiagotara zabaldu dituzte. Eta, horretan guztian, gaztetxoek ere badute zer esan. Jasan edo ez jasan antzezlan parte hartzailearen bidez egin dituzte zenbait lanketa nerabeekin, eta gaztelekuetan izan duen harrera ona ikusita, udazkenean saio gehiago izango dira.
Aurrerantzean egingo dituzten jardueren artean, eta irailaren 16tik 22ra antolatu ohi duten Mugikortasun Astearekin bat eginez, Eman Pausoa Eta Igo Bizikletara dinamika abiatuko dute. Cristina Enea fundazioak dituen datuen arabera, bizikletaren erabileran genero arrakala existitzen da. Horri aurre egiteko, hiritik bizikletan ibili eta konfiantza hartzeko emakumeentzako egitasmoa egingo dute Kalapie elkartearekin, irailaren 17an. Bizikletan segurtasunez ibili eta konfiantza hartzeaz gain, erabiltzaileen ohiko ibilbideak diseinatuko dituzte. Halaber, irailaren 21ean Kalapieren egoitzan Bizikletaren Bizitza Luzatzen ikastaroa egingo dute.
Egun berean argitaratuko dituzte udazkenean eskainiko dituzten joskintza ikastaroak; Gu Haziak Gara elkartea arduratuko da ikastaroez.
Azaroaren 11n, berriz, bizikletaren inguruko saio monografikoa egingo dute Tabakalerako HorKonpon proiektuarekin batera. Azkenik, Jasan edo ez jasan antzerki parte hartzailearen saio gehiago izango dira gaztelekuetan, oraindik data zehatzik ez badute ere. Cristina Enea fundazioaren webgunean kontsultatu daiteke egitasmoari buruzko informazio guztia, baita jardueretan izena eman ere.