Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du hiriak
Irailaren 16tik 22ra Europako Mugikortasun Astea izango da, eta Donostiako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu horren harira. Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, antolatutako jarduerak bat datoz udalak mugikortasun “jasangarriago, osasungarriago eta seguruago” bat lortzeko bidean duen konpromisoarekin, oinezkoak “erdigunean” jartzen dituena.
Besteak beste, Kalapie elkarteak bizikleta irteera bat antolatu du igande honetarako —parte hartzeko izena eman behar da—, eta astean zehar azpimarra jarriko zaie emakumeen mugikortasunari eta desgaitasuna duten pertsonen mugikortasunari. Ohiko moduan, Bizikletadak emango dio amaiera asteari. Irailaren 22an izango da, 11:00etatik aurrera, eta hainbat ikastetxetako ehunka ikasle Alderdi Ederretik abiatuko dira hirian zehar ia hamar kilometroko ibilbidea egiteko.
Bestalde, Dbizik txapelketa bat jarriko du martxan, eta astean zehar bizikleta publikoak gehien erabiltzen dituzten bost erabiltzaileek urteko abonua irabaziko dute.