Greba bertan behera utzita, Realak igandean ekingo dio ligari
Grebaren mamuak liga hasiera atzeratuko zuela zirudienean, azkenean ados jarri dira Espainiako Lehen Mailako futbol ligako patronala eta futbolarien sindikatuak. Hortaz, Realak asteburu honetan ekingo dio F Ligari, Granadaren etxean; 19:00etan hasiko da lehia. Natalia Arroyoren taldeak 2-4 galdu zuen Euskal Herria Kopa Athleticen aurka, baina garaipen batekin hasi nahi du liga Granada igo berriaren kontura.
Gizonezkoen taldeak aurkari zaila izango du asteburu honetan, Real Madrilen etxean arituko baita igandean, 21:00etatik aurrera. Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak azken partidako aho zapore onari jarraipena eman nahiko dio —5-3 irabazi zion, hain justu, Granadari—, baina partida borobila jokatu beharko dute Santiago Bernabeu futbol zelaitik arrantza egin nahi badute.
Eskubaloiari dagokionez, Bera Berak ere pasa den asteko sentsazioei eutsi nahiko die —Iberiar Superkopa irabazi zuen—. Horretarako, ordea, Atletico Guardes azpiratu beharko du. Etxekoen babesik, behintzat, ez zaie faltako. Partida Gaska kiroldegian jokatuko da, larunbatean, 19:00etan.
Gainontzeko kiroletan denboraldia oraintsu hasi bada ere, Eusko Label Ligak asteburu honetan emango ditu azken arraunkadak. Beraz, Donostiarrak azken bi estropadei egin beharko die aurre: larunbatean Bermeon (18:45) eta igandean Portugaleten (12:45).
Bestalde, saskibaloian Ibaeta Basketek 57-71 irabazi zuen atzo Euskal Kopako lehengo partida, Araskiren aurka. Hiriko taldea hasieratik jarri zen aurretik markagailuan, eta alde hori mantendu zuen partidaren amaierara arte.
Futbola
Gizonezkoen liga, 5. jardunaldia
- Real Madril – Reala (igandea, 17, 21:00).
Emakumezkoen liga, 1. jardunaldia
- Granada – Reala (igandea, 17, 19:00).
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Bera Bera – Atletico Guardes (larunbata, 16, 19:00).
Arrauna
- XLI. Bermeoko bandera (larunbata, 16, 18:45)
- XLIX. Portugaleteko bandera (igandea, 17, 12:45)