Historia idazten jarraitzen dute
Bi urteren ondoren, Donostia Arraun Lagunak-ek historia egin du berriz ere, Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazita bukatu baitu denboraldia. Sendo aritu dira liga guztian zehar, eta Kontxako Bandera ez da gutxiago izan, ikuskizun ederra eskaini baitzuten joan den igandean. 2021ean ere txapeldun izan ziren, baina pandemia dela eta, ezin izan zuten behar bezala ospatu. Oraingoan bai, Kontxa irabaztea zer den bizitzen ari dira.
Bigarren zatiak onak izaten ez direla esan ohi da. Baina hori zineman izango da, ez Kontxan: «Ez dakit nahikoa den pozik gaudela esatea. Zoratzen gaude. Prentsan jarri duzue zoragarria izan dela egindakoa, beraz, hala izango da», nabarmendu du Donostia Arraun Lagunak-eko entrenatzaile Juan Mari Etxabek.
2021ean irabazi zuen Lugañene baserriko klubak estreinakoz Kontxako Bandera, eta hori lortu zuen emakumezkoen Donostiako lehenengo trainerua izateaz gain, 71 urtean Kontxako Bandera irabazi zuen lehenengo traineru donostiarra izan zen aurretik, Esperanza elkartea izan zen Kontxa irabazi zuen azken ontzi donostiarra, 1950ean. Horregatik ez ezik, errekorra ezarri zutelako ere izan zen historikoa 2021ekoa: 10:31.62 minutuko denbora egin zuten lehenengo jardunaldian. Aurten, irabaztearekin nahikoa ez, eta errekor berria ezarri dute, bai jardunaldi batekoa eta bai bi jardunaldien baturarena: 10:23.32 minutuko denbora eginda irabazi zuten joan den igandean —duela bi urte baino zortzi segundo gutxiago—, eta bi jardunaldietako denborak batuta, 21:01.14ko denbora egin dute.
Hain zuzen ere, «Kontxako Bandera biribila» egin dutela nabarmendu du entrenatzaileak, baita gaineratu ere «bandera bat errekorrarekin irabaztea izugarria eta oso garrantzitsua» dela. Ildo beretik jo du Lorea Etxabe arraunlariak: «Zure errekor propioa hausteak are ilusio handiagoa egiten du, ikusten delako urte luzez egindako lanak fruituak ematen dituela. Klubarentzako ere oso garrantzitsua da, eta, gainera, erakusten du emakumeen arraunaren mailan aurrerapauso handi bat eman dela. Kontxako Banderan ikusi da kristoren maila ematen ari garela eta hau aurrera doala».
Orain bai, ospakizun handia
2021ean, koronabirusaren pandemiak oraindik egunerokoa baldintzatzen zuen, eta, beraz, ezin izan zuten Kontxako garaipen historikoa behar bezala ospatu. Orain, aldiz, Kontxako Bandera bere osotasunean bizi ahal izan dute: «Nik uste dut behar genuela Ciudad de San Sebastian itsasontzira igotzea eta garaipena kaiko arrapalan ospatzea. 2021ean, soilik patroia igo ahal izan zen itsasontzira, eta arrapala hutsik zegoen. Horregatik, behar genuen eta merezi genuen. Eta gozatu genuen!», nabarmendu du Etxabe arraunlariak.
Hain zuzen ere, igandean, kaira iristean, arrapalan zale andana zuten zain, eta eurekin batera ospatu zuten garaipena, baita kalejiran ibili ere. Ciudad de San Sebastianen eta arrapalan bandera astintzeaz gain, Aquarium ondoko etxebizitza bateko balkoi batetik ere astindu zuen bandera Eli Pescador arraunlariak: «Bat-batean, esan zidaten igotzeko, eta jende pilo bat zegoen etxe horretan zain. Xanpain botila bat ere bazuten guretzat prest!», dio barrez Pescadorrek. Hain justu, ondoko etxean klubaren sortzaileetako bat jaio zela gogorarazi du Itziar Eguren presidenteak: «Garrantzitsua zen bandera hor astintzea, 2021ean egin genuen moduan. Urte hartan, ez genekienez udalak harrera egingo zigun edo ez, Donostiako balkoi batzuk bilatu genituen, bandera astintzeko lekuren bat izateko. Amagoiak bere balkoia eskaini zidan orduan, eta han astindu genuen. Aurten ere eskaini zidan, eta Eli igo zen astintzera».
Arratsaldean, udalak Parte Zaharreko Plaza Berrian egin zien harrera ofiziala, udaletxe zaharrean. Balkoira ateratzean, plaza jendez lepo ikusi zuten arraunlariek: «2021eko harrera, udaletxean, hotzagoa izan zen, baina aurtengoarekin asmatu dugu», diote. Jai giroan astindu zuten bandera han, eta hori ederra izan zela dio entrenatzaileak: «Herrietan ohitura gehiago dago garaipenak horrela ospatzeko, baina hiriburuan ez horrenbeste. Sinatu daiteke hau urtero bizitzea, zalantzarik ez!».
Estropadaren ondorengo bazkarian arraunlariak «isil-isilik» zeudela ikustean harrituta gelditu zen Eguren, baina «leher eginda» zeudelako zen, Etxabe arraunlariaren esanetan, «eguna oso luzea izan zelako». «Txuleta jan ondoren berpiztu zineten», gaineratu du presidenteak. Hain zuzen ere, arraunlari batek baino gehiagok behar bezala ospatu zuen garaipena bazkalostean ere.
Berdintasuna lehenik, nagusitasuna azkenik
Lehenengo igandeko berdintasunaren ondoren —bost segundo baino gutxiagoko aldea zuten euren artean ohorezko txandako lau traineruek—, aurreikuspen gehienek zioten bigarren igandeko estropada ere segundo gutxirengatik erabakiko zela. Hasieran hala izan zen, baina ondoren estropada hautsi zuten Donostia Arraun Lagunak-ekoek, nahiz eta lehenengo kalea egokitu zitzaien, ustez txarrena dena: «Kale zozketaren ondoren, batek esan zidan txapeldunek lehenengo kaletik irabazten dutela. Eta, bukatzean, argi gelditu zen baietz, txapeldunek lehenengo kaletik irabazten dutela. Egokitzen zaizuna hartu eta onena atera behar diozu. Eta gure arraunlariek oso ondo jakin zuten kalea jokatzen».
Orio bigarren kaletik aritu zen joan den igandean, baina 2021ean alderantziz izan zen: Orio joan zen lehenengo kaletik eta Donostia Arraun Lagunak bigarrenetik. Eta, horrela ere, donostiarrek irabazi zuten. Batean zein bestean, entrenatzaileak estrategia argi zuen : «Entrenatzaile batek behin esan zidan moduan, estrategia beti da aurrena ateratzea eta aurrena iristea [barrez]». Txantxetatik harago, estropadaren nondik norakoak errepasatu ditu: «Arraunlariei esan nien lehenengo zatian eutsi egin beharko geniola, eta Aquarium inguruan gogor egin beharko genuela lan. Hortik aurrera, oso estropada ona egin zuten, eta azkenean aurreratzea lortu zuten. Ziaboga ondo egitea izan zen gakoetako bat, eta, hortik aurrera, taldeak sinistu egin zuen irabazi zezakeela».
Badian sartzen ari zirenean, arraunlariek argi ikusi zuten irabaziko zutela, Etxabe arraunlariak dioenez: «Gakoa izan zen jakitea zein izango zen zati txarra, bagenekielako non eutsi behar genion. Horren ondoren, ikusi genuenean aurretik gindoazela zati onenean, nik uste dut denok argi ikusi genuela geldiezinak ginela eta gurea izango zela Bandera. Sekulako erakustaldia eman genuen, eta azken metroetan gozatuz egin genuen arraun».
Helmugara iritsi ahala, aldea handitzen joan ziren Lugañenekoak, eta zazpi segundo pasatxoko aldea atera zioten Donostiarrari eta ia hamalaukoa Oriori. «Gozamena izan zen azken txanpa ikustea, aldea handitzen joan zinetelako helmugara hurbildu ahala», gehitu du Egurenek. Horren harira, aurtengoa «betirako iltzatuta» geldituko zaiela adierazi du entrenatzaileak: «Agian berriz irabaziko dugu, baina ez dakit berriz irabaziko dugun horrelako nagusitasunarekin. Hori harro egoteko modukoa da».
Liga ere nagusitasunez irabazi ostean, konfiantzarekin iritsi ziren Kontxara, entrenatzaileak azaldu duenez: «Aurten, gainera, are borobilagoa izan da liga, Zarauzko Ikurrina ere irabazi genuelako, lehen aldiz Donostiako traineru batentzat. Horrela, normala den moduan urduritasuna izan bagenuen ere, lasaitasun puntu batekin iritsi ginen Kontxara, bagenekielako banderaren bila joan gintezkeela. Soilik liga edo soilik Kontxa irabazten baduzu, arantza bat gelditzen zaizu. Biak irabazita, dena eginda dago!».
Donostia Arraun Lagunak eta, orokorrean, emakumezkoen arrauna maila handia erakusten ari da, eta hori oso baliotsua dela nabarmendu du Egurenek: «Estropadaren ondoren, 1990eko hamarkadan klubeko arraunlariak izandako gizon batzuk negarrez etorri zitzaizkidan, egin genuen estropadarengatik eskerrak ematen. Euren garaian, emakumeok ez genuen arraun egiteko aukerarik, eta, niretzat, aurrerapauso handia da arraunlari horiek balioan jartzea orain gure taldearen lana, arraunean gizonezkoak ala emakumezkoak ari diren kontuan izan gabe».
«Asko dago hitz egiteko»
2021eko Kontxako Bandera irabazi ondoren, «udalarekin gauzak argitu» nahi zituztela azaldu zuen Egurenek hedabide honetan: «Donostiako Udalak garena aintzat hartzea nahi dugu […]. Gauzak dirurik gabe egin daitezkeela erakutsi dugu, baina dirua ongietorria litzateke. Izan ere, hirian emakumezkoen bi traineru daude, eta udalak diruz bakarra babesten du [Donostiarra]. Hori aldatzeko garaia iritsi dela iruditzen zaigu».
Ordea, ezer gutxi aldatu da zentzu horretan. Gogoratu behar da Donostiarra 2007an sortu zela, udalak, Ur Kirolak-ek eta Donostia Arraun Lagunak-ek sinatutako hitzarmen baten eskutik. Donostiako traineru bateratua sortzea zen helburua —hasieran, gizonezkoena soilik—, hiriak lehen mailako traineru lehiakor bat izan zezan. Horretarako, Kaiarriba kluba sortu zuten hitzarmenaren sinatzaileek, eta bi klubek zuten ordezkaritza zuzendaritzan. 2008 eta 2009 urteen artean sortu ziren lehenengo desadostasunak, baina udalak hitzarmena aldatu zuen, eta Fortuna kluba ere sartu zen proiektuan. Gerora, Ur Kirolak-ek emakumezkoen traineru propioa sortu zuen 2009an, eta gauza bera egin zuen Donostia Arraun Lagunak-ek 2014an. Desadostasunak areagotzen joan ziren, eta Lugañeneko kluba proiektutik atera zen 2017an. Urte hartan bertan, Donostiarrak emakumezkoen trainerua sortu zuen, eta udalak erabaki zuen traineru sortu berriak edukitzea plaza ziurtatuta Kontxako Banderan, ordurako Donostia Arraun Lagunak-en ontzia lehiakorra bazen ere. Horrela, Donostiarrak jarraitzen du izaten udalak sustatzen duen trainerua.
Hala ere, Egurenek argi dauka iritsiko dela udalarekin hitz egiteko unea: «Pentsatzen dut udala lotsagorrituko dela pixka bat, zeren oso ondo dago harrera egitea eta esatea pozten direla bandera Donostian gelditzeagatik, baina zerbait egin beharko dute esaten dutena sinistu dezagun».
Aurtengo garaipenek erakutsi dute 2021ean lortutakoa ez zela zerbait puntuala izan, eta, horregatik, «oraingoan benetan» hitz egin behar dutela deritzo Egurenek: «Ez orain arte nahasi gaituzten moduan; beste zentzu bat eman behar zaio elkarrizketari. Donostiako arrauna punta-puntan dago emakumeetan, baina ezin duzu talde bat kendu beste bat jartzeko. Asko dago hitz egiteko, eta gu prest gaude».