Onddo haluzinogenoak izango dituzte ardatz XXIV. Mikologia Jardunaldiek
Urteroko legez, Mikologia Jardunaldiak antolatu ditu Loiolatarra elkarteak perretxikoen inguruko ezagutza sustatzeko asmoz. XXIV. aldia izango da aurtengoa, eta irailaren 18tik urriaren 1era luzatuko da. Horrez gain, jardunaldi hauekin lotutako erakusketa, Despertar de la conciencia, ikusgai dago dagoeneko eta urriaren 11ra arte Loiola Kultur Etxean.
Aurtengo edizioaren ardatza onddo haluzinogenoak dira, eta horrekin lotuta dago Rene Alvaradoren (Oaxaca-Mexiko) obrak dituen erakusketa. “Kasu honetan, jakinda jardunaldietako hitzaldia onddo haluzinogenoen inguruan izango dela, bilatzen hasi ginen eta harremanetan jarri ginen Mexikoko artista batekin, Rene Alvaradorekin. Bi hilabeteko lanaren ondoren, azkenean lortu dugu bere lanen erreprodukzioak ekartzea eta horiek dira hilabete honetan ikusgai dauden artelanak”, azaldu du Iker Tolosak, Loiola kultur etxeko teknikariak. “Alvarado mazateka etniakoa da, bere aita xamana eta sendagilea zen, eta beraien kulturan perretxiko haluzinogenoak dira arbasoekin, jainkoekin eta naturarekin konektatzeko bitartekoak”, gehitu du.
Egitaraua hilaren 18an hasiko da mikologia ikastaroekin. Bertan perretxiko mota desberdinak bereizten eta horiek nola hartu behar diren ikasiko dute, Daniel Palacios adituaren eskutik. Tartean, irteera bat ere egingo dute mendira perretxikoak biltzeko. Hilaren 27an amaituko dira jardunaldiak, eta hurrengo egunean, 28an, Perretxiko psikotropikoen historia kultura guztietan hitzaldia eskainiko du Palaciosek.
Hilaren 30ean, irteeran jasotako perretxiko guztiak erakusketan aurkeztuko dituzte, eta urriaren 1ean, perretxiko jaia egingo dute Loiolan. Goizean zehar, auzoko tabernek perretxiko pintxoak eskainiko dituzte.
Jardunaldietarako izen emateak berehala agortu ziren, eta itxaron zerrenda zabaldu dute, Loiola Kultur Etxetik jakinarazi dutenez.