Eserialdia egin dute Plaza Berrian, «plazen erabilera okerra» salatzeko
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen ekimenez, bizilagun talde batek eserialdia egin du Plaza Berrian, plazak “gaizki erabiltzen direla” salatzeko. “Ostalaritzaren mesedetan eta bizilagunen kalterako”, plazak “terraza pribatuak” direla adierazi dute, eta horri aurre egiteko kanpaleku bat inprobisatu dute plazaren erdian.
“Plazak ez dira egoteko lekuak, eguzkiaz edo itzalaz gozatzeko lekuak, elkarrizketarako lekuak edo haurrentzako jolaserako…? Nork du lehentasuna: herritarrak ala plazan negozioa egin nahi dutenak?”, galdegin dute bizilagunek.
Herritarrek plazaz gozatzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko asmoz, 11:00etan egin dute kanpalekua, etxetik ekarritako aulkiekin. Jolasak eta hamaiketakoa egin dituzte, eta ondoren berriro eseri dira; une hori egunkaria irakurtzeko edo gosaltzeko baliatu dute batzuek.