Aurresku taberna eskualdatuko dute
Ikatz kaleko Aurresku tabernak bere ibilbidearen fase bat itxiko du, eskuz aldatuko baita. Ikatzeko taberna maitatuenetako bat da Aurresku, eta establezimenduaren ardura Elena Elenita Guineak eta Patxi Etxeberriak izan dute orain arte. Ordea, atseden hartzeko ordua iritsi zaie, sareetan zabaldu duten mezu batean diotenez: “Bihotza beteta, bagoaz! Agur Aurresku!”.
Hala ere, taberna ez dute behin betiko itxiko, Guinearen eta Etxeberriaren lankideek hartuko baitute Aurreskuren ardura, mezu berean diotenez: “Konfiantza dugu gure lankideek jarraipena emango diotela proiektu zoragarri honi. Esker mila bihotzez Aurresku egin duzuen guztiei!”.
Guineak hedabide honi azaldu dionez, hilaren 30ean utziko dute taberna berak eta Etxeberriak, eta “pare bat hilabetez itxita” egongo da, ibilbide berria hasi aurretik. Hala ere, ostegun honetan (hilak 21) agur festa bat egingo dute, 19:30ean. Bertso saio bat egingo dute, Danele Sarriugarte, Ainhoa Urien, Maider Arregi, Izarne Zelaia, Nerea Elustondo, Beñat Gaztelumendi, Aitor Etxebarriazarraga, Eli Pagola, Oihana Arana eta Miren Artetxe bertsolariekin.