Euskal Kopa irabazi du Ibaeta Basketek
Denboraldiaurreko lehenengo garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Ibaeta Basketek igandean, Euskal Kopa irabazita. Gernikaren aurka jokatu zuten finala, eta 69-57 irabazi zuten Azu Muguruzaren neskek.
Donostiarrak sendoago aritu ziren partida guztian zehar, nahiz eta lehenengo laurdena nahiko parekatua izan zen. Ordea, bizkaitarrak erasoan akatsak egiten hasi ziren, eta Azu Muguruzarenak hamasei puntuko aldea izatera heldu ziren. Hamalau puntuko aldearekin joan ziren atsedenaldira, eta azken laurdenaren bueltan sei puntuko aldea izatera iritsi baziren ere, donostiarrek garaipenari eutsi ahal izan zioten, besteak beste, Erin Whalenek, aurtengo fitxaketetako batek egindako lanari esker. Garaipenarekin, indartsu hasiko dute liga larunbatean.