Ilara luzeak, Zinemaldiko sarrerak lortzeko
Lehen hiru egunetarako 29.000 sarreratik gora saldu da lehen egunean, eta gaur hurrengo hiru egunetarako txartelak jarri dituzte eskuragarri.
Donostiako Zinemeldirako lau egunen faltan, hasi dira dagoneko lehen sarrerak agortzen. Atzo goizeko 9:00etan lehen hiru egunetakoak eskuragarri jarri ziren Kursaaleko leihatiletan, eta urteroko legez, ilara luzeak ikusi dira pelikula preziatuenetarako sarrerak eskuratzeko. Lehen egunean, 29.000 sarrera baino gehiago saldu dira, eta honako film hauek izan dira arrakastatsuenak: Fingernails eta Ex-Husbands, Sail Ofizialean; The Zone of Interest eta Perfect Days, Perlak sailean; eta El viento que arrasa, Horizontes Latinos sailean.
Goiz goizetik, aulkia, termoa eta itxaronaldian mokadutxo bat hartzeko moduko jakiren batekin soinean, ehunka lagun gerturatu dira Zinemaldi plazara (Kursaaleko beheko solairua). Leihatila fisikoan ez ezik, online bidezko erosketetan ere itxaronaldi luzeak egin behar izan dira, milaka lagunetik gora egon baitira sansebastianfestival.janto.es, eta kutxabank-zinemaldi.janto.es webgunetako itxaron zerrendetan.
Lehen orduetan, Perla saileko lehen hiru egunetarako sarrera guztiak agortu dira eta sail ofizialeko filmetarako gutxi batzuk baino ez dira gelditzen, baina bada datozen egunetan lortzeko aukera. Izan ere, salmenta, iaz bezala, mailakatua izango da. Igande honetan zinema jaialdiko lehen hiru egunetarako sarrerak jarri dituzte eskuragarri. Gaur, ordea, hurrengo hiru egunetarako txartelak erosi ahal izango dira (astelehena, irailak 25, asteartea 26 eta asteazkena 27). Asteartean, azkenik, azken hiru egunetakoak (osteguna 28, ostirala 29 eta larunbata 30) eskuratu ahal izango dira, baita gainerako saioetakoak ere.
Aldez aurreko salmentaz gain, egunean bertan ere hainbat saiorako sarrera gutxi batzuk jarriko dituzte eskuragarri leihatiletan eta interneten. Hala, Donostia Sari eta Klausura galetarako sarrerak ekitaldia hasi baina ordu batzuk lehenago eskuragarri egongo dira Kursaaleko sarreran.
Zinemaldia, Irutxuloko Hitzaren bitartez
Irutxuloko Hitzako harpideek, bestalde, hainbat saileko filmetarako sarrera bikoitza eskuratzeko aukera izango dute gaurtik aurrera. Hitzakide txokoan bi txanda egingo dira sarrerak banatzeko: lehena irekita dago, eta irailaren 22, 23, 24, eta 25erako programatuta dauden proiekzioak ikusteko aukera eskainiko da, sarrerak agortzen diren arte.
Bigarren txanda, aldiz, 25ean irekiko da, irailaren 26, 27, 28, 29 eta 30erako programatuta dauden proiekzioen sarrerak eskuratu ahal izateko.