
66 urteko ibilbidearen ostean, asteazkenean itxiko dute Parte Zaharreko Santa Lucia txurro denda ospetsua. Santa Luciak 1957an ireki zituen ateak, eta lehenik, Kale Nagusiaren inguruan kokatu zen, Santa Maria elizaren parean. Ondoren, Portu kaleko 6 zenbakira lekualdatu zen 1976an, eta 47 urte dira jada leku berean.
Txurroak txokolatearekin dira bertako jakirik ospetsuenak, baina beste hainbat gauza ere zerbitzatzen dituzte: gosariak, hanburgerrak, plater konbinatuak, eta beste. Santa Luciak atzo, igandea, itxiko zituela ateak zabaldu zuten hainbat hedabidek, eta atzo lokala bezeroz bete zen, azken aldiz bertako txurroak jateko. Hala ere, jabeek argi adierazi dute asteazkenera arte zabalik izango dutela txurro denda.
Patxi eta Javier del Orden anaiak dira bertako jabeak, eta IRUTXULOKO HITZAri azaldu diotenez, “sentimendu kontrajarriak” dituzte itxiera honekin. “Alde batetik, hainbat belaunaldi pasatu dira hemendik: aiton-amonak, gurasoak, bilobak… alde horretatik pena ematen digu lokala ixteak. Baina bestalde, gizarteak eboluzionatu egin du, eta egungo araudiak gauza asko eskatzen dizkigu: datuen babesak, araudiko puntu guztiak zehatz-mehatz jarraitzea… Horrek lan handia eskatzen du, beste enpresa batzuekin elkarlanean aritu behar garelako, eta nahaste horrek guztiak ere lagundu digu ixteko pausuak ematen”, azaldu dute.
Anaia zaharrenak erretiroa hartuko du, eta besteari urte gutxi geratzen zaizkio erretiroa hartzeko. “Moldatuko naiz lanean geratzen zaidan denbora gutxia betetzeko”, adierazi du. Garrancho taldeari saldu diote Santa Lucia lokala, eta gastronomia establezimendu bat izango da aurrerantzean.