Uliako Auzo Elkartea: «Orduan eta handiagoa da haserrea»
Uliako Auzo Elkarteak Basque Culinary Centerren bigarren egoitzak "gizarte babesik" ez duela nabarmendu du eta manifestazioa iragarri du hilaren 22rako.
Basque Culinary Centerrek (BCC) Grosen egin behar duen bigarren egoitzaren inguruko xehetasun gehiago zabaldu ditu azken egunotan, eta zalaparta piztu da, beste behin, proiektuaren aurka dauden auzo elkarte eta bizilagunen artean. Uliako Auzo Elkartearen iritziz, proiektuak “ez du gizarte babesik”, izan ere, “kalean zenbat eta informazio gehiago egon, orduan eta handiagoa da haserrea”. Hala ondorioztatu dute kideek elkarteak zabaldu duten balorazioan, Gastronomia Fundazioaren azalapenera joandako 89 pertsonen aurrean, 178 lagun bertaratu baitziren, Okendo kultur etxean zabaldu zen eztabaidara. Nabarmendu dute, bestalde, 830 lagunek hartu zutela parte elkarteak abuztuaren 29an antolatu zuen azken manifestazioan.
Oharrean adierazi dutenez, manifestazioaren ondorengo egunetan jaso zuen Uliako Auzo Elkarteak, BCCko egoitzan bertako teknikariekin biltzeko gonbidapena. Bilera, ordea, “gardentasuna bermatzeko eta informazioa zabaltzeko” leku egokian egin behar zutelakoan zeuden; auzoan eta “piztutako lekutik gertu”. Gauzak horrela, udal taldeetako ordezkariekin batera Okendo kultur etxera bertaratzeko gonbidapena bueltatu zieten BCCko teknikariei, baina, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos alderdietako kideak baino ez ziren joan eztabaidara. Salatu dutenez, “gastronomia fundazioak ez zion arre egin nahi izan bere proiektua gizartearen aurrean aurkeztearen erronkari” eta Donostiako Udal Gobernuak (EAJk eta PSEk) “ez du aurpegia ematen”.
Horiek horrela, irailaren 22an 19.00etan Manteotik abiatuko duten manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.