EITBren 'Egile Berriak' saria jasoko du Estibaliz Urresola zuzendariak
Lehen aldiz, Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinemaren galan emango da golardoa.
EITBk Egile Berria saria emango du lehen aldiz, euskal zinemagintzako errealizadore hasiberrien talentua balioan jartzeko helburuarekin. Estibaliz Urresola zinemagileak jasoko du golardoa, 20.000 especies de abejas lanak zinema jaialdietan izandako nazioarteko proiekzioa saritzeko.
Hain zuzen, hedabide publikoak zehaztu duenez, sarirako hautagai diren profesionalak ebaluatzerako orduan funtsezko irizpideetako bat izango da nazioarteko zinema jaialdietan izandako oihartzuna. Era berean, gehienez hiru film zuzendu dituzten euskal zinemagileak bakarrik hartuko dira kontuan, eta Hego Euskal Herrian jaiotako edo errotutako zuzendariak izan beharko dute, haien produkzioa euskalduna izan ala ez.
EITBko Zine, Komunikazio eta Programa Sailetako profesional eta adituek osatuko dute epaimahaia eta 3.000 eurorekin sarituko dira profesionalak.