Mikel Otxotekoren 'Hemen dragoiak daude' erakusketa, San Telmo museoan
San Telmo museoak antolatutako Artea abian programak Mikel Otxotekoren lanak hartuko ditu aurten, Hemen dragoiak daude izeneko erakusketan. Programa honek sorkuntza garaikideari ematen dio protagonismoa, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez.
Ikus-entzunezko materiala, eskulturak, instalazioak, mapak eta dokumentazio historikoa biltzen dituen ikerketa artistiko honek St.Pierre et Miquelonen (Ipar Amerika) erabakigarriak izan diren faktoreak aztertzen ditu. Erakusketa Laborategian izango da zabalik irailaren 20tik 2024ko urtarrilaren 7ra bitartean, doako sarrerarekin, museoaren irekiera ordutegian.
Honela azaltzen du proiektua Mikel Otxotekok esku orrian:
“Hic sunt dracones (Hemen dragoiak daude) antzinako itsas kartografian erabiltzen zen esamoldea da. Honekin, ezezaguna den orok dituen arriskuez ohartarazten zituzten nabigatzaileak. Hala, mapetan, Ternua, ofizialki oraindik ere herensuge ezkatadun bat bezala agertzen zen.
Hala ere, ur hotz eta urrun haietan euskaldunek bakailaoa harrapatzen zuten eta sasoi baterako kokaleku txikiak ezartzen zituzten XVI. mendearen amaieratik; Saint-Pierre et Miquelon uharteetakoa kasu. Era berean, bakailao gazitua elikagai nagusia izan zen hurrengo mendeetan Karibeko azukre kanabera plantazioetan aritzen ziren milaka langile esklaboentzat, bereziki Puerto Ricon.
Gaur egun, Frantziako itsasoz bestaldeko lurraldea den St. Pierre portua, hainbat nazionalitatetako marinelek erabili zuten. 1971n, artean, euskaldunak eta galiziarrak kontsultategi txiki batean artatzen zituzten. Bertan egiten zuen lan Margarita Olazabal erizain gazteak: nire amak.
Gehiegizko arrantzaren ondorioz, harrapaketak bat-batean gutxitu egin ziren eta horrek Ternuako arrantza eremuak ixtea eragin zuen. Margarita 1975ean itzuli zen Donostiara, Super-8an grabatutako hainbat ordu berarekin zekartzala. Grabazio horietan, uharteko bizitza islatzen zuen; ingurumenarentzat, biztanleen bizimoduarentzat eta elikadura-subiranotasunarentzat itzulerarik gabeko une historikoa.
Erakusketa hau uharte hauetan kokatzen da berrogeita hamar urte geroago. Egun, biztanle horiek, nola biziraun bilatzen ari dira beren lurralde txikian isolatuta eta ia ahaztuta”.
Mikel Otxotekori buruz
Mikel Otxoteko Donostiako artista eta ikertzailea da. Nazioarteko aipamena jaso zuen Audiovisual Arts and Neo-materialism doktore tesiarekin, Manuel de Landa zinemagileak New Yorkeko Pratt Institute of Art & Designen ikertzaile bisitari gisa egindako gonbidapenarekin.
Dance & Drill edo Algunos cabos sueltos bezalako ikerketa proiektu artistikoak garatu ditu, proiekzioetan eta erakusketetan gauzatuz Toulouseko Musée d’Art Contemporain Les Abattoirs, Valentziako Centre del Carme Cultura Contemporánea edo Londresko The Rag Factory bezalako lekuetan. Bere azken film dokumentala, Invierno (2019), Bilboko Zinebi, Cinespaña eta Toulouseko zinemaldietan ikusi ahal izan da.
Hemen herensugeak daude proiekturako ekoizpen artistikoko egonaldiak egin ditu Saint-Pierre et Miquelon eta Puerto Rico uharteetan, Itsasertzeko Ikasketen Diziplinarteko Zentroak eta Sea Grant Programak (biak Puerto Ricoko Unibertsitatekoak), eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta.