Abisu horipean egongo da bihar Donostia, orduko 100 kilometroko haize-boladengatik
Eusko Jaurlaritzako larrialdi eta meteorologia zuzendaritzak abisu horia ezarri du biharko (osteguna) Euskal Autonomia Erkidego osoan, hegotik iritsitako haize-boladek orduko 100 kilometroko abiadura har dezaketelakoan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
00:00etatik 09:00etara egongo da indarrean abisua. Haizeak gogor jotzen ez duen lekuetan orduko 60-80 kilometroko haize-boladak espero dira.
Euskalmetek, bestalde, iragarri du fronte hotz bat igaroko dela bihar EAEtik, eta horrek eguraldia erabat aldatuko duela. Goizaldean hego-haizea izango da nagusi, eta tenperatura epelak espero dira ordurako. Toki askotan orduan neurtuko dira eguneko tenperatura beroenak. Minimoak, ostera, eguneko azken orduan iritsiko dira. Tarteko orduetan 20-22 gradutan egongo dira termometroak. Zeruan hodeiak nagusituko dira goizetik, eta euria egingo du nonahi, baina bereziki ipar isurialdean.