Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren askatasuna eskatzeko mobilizatuko dira

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrek espetxeratzeko agindua jaso zuten joan den ostiralean, eta, horren aurrean, mobilizazioak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat tokitan, tartean Donostian. Hain zuzen ere, Ankerkeriari Stop plataformak deituta, ostiralean (hilak 22) elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean, 19:00etan. “Dena aldatu nahi duten gazte independentistak jo puntuan jarri eta gu gelditzeko beste saiakera bat da hau. Honen aurrean, haien askatasuna exijitzeko zein Euskal Herriak aurrera egingo duela aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo dugu”, azaldu dute.
Espainiako Auzitegi Nazionalak launa urteko espetxe zigorra eta hamarna urteko inhabilitazioa ezarri zien 2021eko otsailean gazte arabarrei, “lehergailuak egiteko materiala edukitzea” leporatuta. 2018an Ertzaintzak Duranako (Araba) industrialde batean aurkituriko bidoi bat da zigorraren oinarria. Bestalde, aurtengo maiatzean, zigorra berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta espetxeratze agindua jaso berri dute.