Aurtengo udan trafikoa «hobeto» kudeatu dela esan du udalak
Udalak uda honetan hiriaren mugikortasunari buruzko azterketa egin du. Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, udako zenbait egunetan egin diren mozketa puntualek trafikoa hobeto kudeatzea ahalbidetu dute.
Zehazki, uztailaren 10etik 31ra egon da martxan mozketen protokoloa, eta egun horietan zehar hemeretzi aldiz aktibatu behar izan dute: bederatzi egunez uztailean eta hamar egunez abuztuan. “Mozketa horien balantzea positiboa izan da; izan ere, azkenaldian Erdialdean sortu diren arazoak saihestea lortu dugu”, nabarmendu du Yarzak. Dena den, onartu du horrekin “beste leku batzuetan” sortu direla arazoak. Yarzarentzat Ategorrietan egindako mozketa izan da “zailenetakoa”, eta aipatu du hurrengo urtean mozketa hori Kontadores ingurura eramatea aztertzen ari direla.
Era berean, Illunbeko aparkalekuaren eta anezka zerbitzuaren balorazio baikorra egin du Yarzak, aurreko urteekin alderatuta “asko handitu” baita. Hori dela eta, udala aldundiarekin hizketan ari da Aritzetako aparkalekua erabili ahal izateko —kasu horretan, anezka zerbitzua ezingo luke Dbusek egin, aparkalekua Usurbilgo lurretan baitago—. Loiolan saihesbide azpiko aparkalekua ere erabiltzea aztertzen ari da.
Gainera, Dbus eta Dbizi zerbitzuek ongi funtzionatu dutela aipatu du zinegotziak. Dbusek iaz baino %16 bidaiari gehiago izan ditu udako hilabeteetan, eta bizikleta zerbitzuaren erabilera ere %7 igo da. Uztail bukaeran hiriko auzo gehiagotara zabaldu zuten Dbizi zerbitzua, eta Yarzak adierazi du udala lanean ari dela zerbitzua udalerri mugakideetara eraman ahal izateko —zinegotziak Astigarraga aipatu du, baina udalerri gehiagorekin ere lanean ari dira—.