Zinemaldiak bat egingo du Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzarekin
Donostia 2023 Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzaren jarduera programaren barruan, Zinemaldiak saio berezi bat antolatu du irailaren 25ean, Donostiako Estrategia Bulegoarekin lankidetzan. Emanaldiaren helburua gizarte ekonomiaren eredu berriak ikus-entzunezko formatuaren bidez ikus-entzuleei helaraztea izango da.
Hala, Thomas Boothe eta Maellane Bonnicel zinemagileen Food Coop dokumentala izango da ikusgai. 2016ko koprodukzio franko-amerikarrak New Yorkeko Bronx auzoan (AEB) 1973an sortutako izen bereko elikagaien kooperatibaren istorioa kontatzen du. Kalitatezko janaria ahalik eta prezio lehiakorrenean eskuratu ahal izateko, supermerkatuko 16.000 bazkideak hilean hiru orduz egiten dute bertan lan. Bartzelona, Lille, Brusela, Berlin edo Sidney bezalako hirietan errepikatu den kooperatiba eredua da honakoa, izan ere, elikagaien garestitzeak eta jasangarritasuna, hurbiltasuna edo bidezko merkataritza bezalako printzipioek hartutako garrantziak, gizarte ekonomiako formulen aldeko apustua ekarri dute.
Food Coop dokumentalaren proiekziorako sarrerak salgai daude irailaren 18az geroztik jaialdiaren webgunean eta leihatiletan.
Solasaldia
Donostiako Estrategia Bulegoaren arabera, dokumentalaren proiekzioa “aukera ezin hobea” izango da gizarte ekonomiaren hainbat alderdi ikuspuntu ezberdin batetik jorratzeko, baita honen balio soziala ikus-entzuleei helarazteko ere. “Horretarako, aurkezpenean eta ikustaldiaren ondorengo solasaldian hitza hartuko dute Maravillas Espin Espainiako Gobernuko Lan Autonomoaren, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresen Gizarte Erantzukizunaren zuzendari nagusiak; Elena Perez Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak; Rosa Lavin EGES Euskal Gizarte Ekonomia Sareko eta Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak; eta Iñigo Albizuri Mondragon Korporazioko Erakunde Harremanetarako zuzendariak”, azaldu dute.
Donostia, Gizarte Ekonomiaren Hiriburua
Espainiako Ekonomia eta Gizarte Laneko Ministerioak Donostia izendatu du 2023ko Gizarte Ekonomiaren Hiriburu. Hiriburutza horren helburua da lurraldeko gizarte-ekonomia ikusaraztea, esperientzia garrantzitsuak ezagutaraztea eta erronka nagusien inguruko eztabaida sustatzea.
Hiriburutzari lotuta, jarduera programa zabala jarri zen abian urtearen hasieran, eta datozen hiletan erritmoa hartuko du egitarauak, tartean, azaroan egingo den Gizarte Ekonomiari buruzko Europako goi-bilerarekin.