Zinemaldian zehar artikuluak kalera ateratzeko aukera izango dute establezimenduek
Erakusleiho lehiaketa bat ere antolatu du San Sebastian Shopek, eta hilaren 22ra arte eman daiteke izena.

Zinemaldia hasten dela aprobetxatuz, Donostiako establezimenduek kalera atera ahal izango dituzte euren artikuluak. San Sebastian Shops elkarteak #Donostiamarket ekimenaren barruan antolatu du jarduera hau, eta norberak bere establezimendua sustatzea eta ikusaraztea du helburu. Irailaren 21etik 24ra atera ahal izango dira produktuak lokaletik kanpora.
Elkarteak udalaren baimena eskuratu du dendak kanpora atera ahal izateko, eta nahi duten establezimenduek esteka honetan eskuratu dezakete baimen hori.
Erakusleiho lehiaketa
Horrez gain, San Sebastian Shopsek erakusleiho lehiaketa antolatu du Zinemaldirako. Erakusleihoak apaintzeko gaia zinea, bere kultura eta pelikulak izango dira, eta lehiaketa hilaren 22tik 30era bitartean egingo da.
Izen ematea hilaren 22an amaituko da; doakoa da, eta orrialde honen bidez egin daiteke. Hiru sari egongo dira jokoan: lehenengo saria, 1.000 euro Dssmarketplaza tokiko merkataritzaren plataforman gastatzeko; bigarren saria, 750 euroko saria Dssmarketplaza tokiko merkataritzaren plataforman gastatzeko eta hirugarren saria, 500 euroko saria Dssmarketplaza tokiko merkataritzaren plataforman gastatzeko.
Erakusleihoak hilaren 22rako prest eduki behar dira. Lehiaketan parte hartuko duen saltokiak erakusleihoaren argazki bat bidali beharko du hilaren 22a baino lehen (22a barne), info@sansebastianshops.com emailera, saltokiaren izenarekin eta helbidearekin batera.
Irabazleak epaimahai ofizial batek aukeratuko ditu, Zinemaldia burutzen den bitartean.