Celine Suguna ekintzaile feministari harrera egin dio udalak
Udaleko talde politikoek Celine Suguna ekintzaile feminista hartu dute gaur udaletxean. Indiako Vimochana erakundearen sortzailea da Suguna. Elkarte horrek hogei urte daramatza emakumeak babesten familian zein jendartean jasaten duten genero indarkeriatik.
Udaleko lankidetza sailak bi urtean behin proiektu bat babesten du Calcuta Ondoan GKEaren bitartez. 2020an Indian indarkeria matxistaren aurkako borroka jorratzen zuen proiektua babestu zen, eta horrek Vimochana elkartearen lana “bertatik bertara” ezagutzeko aukera eman du.
Elkarteak indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzen ditu, babestuz eta aholkularitza emanez. Gainera, emakumeak babestu beharko lituzketen legeak eraginkortasunez betetzeko eta egun daudenak hobetzeko kanpainak ere egiten dituzte.