Porrota dirudien berdinketa
Atzoko partidaren aurretik, edozein realzalek sinatuko zuen Inter Milan Europako txapeldunordearen aurka berdinketa bat eskuratu izana, baina orain porrot bat dirudi Txapeldunen Ligako debuteko berdinketak (1-1). Izan ere, txuri-urdinek Inter Milanek baino hobeto jokatu zuten neurketa ia guztian zehar, arrisku askoz gehiago sortu zuten, baina ez zuten norgehiagoka ixten jakin eta ordaindu zuten.
Lehenengo minutuetatik, Reala izan zen nagusi neurketan, eta azkar iritsi zen gola. Laugarren minutuan, talde italiarreko atzelariek zuten baloia, baina jokalari txuri-urdinen presioari esker, huts egin eta baloia galdu egin zuten. Brais Mendezek hartu zuen arearen aurrealdean, eta ez zuen hutsik egin. Zoramena piztu zen harmailetan, eta emaitzari eustea tokatzen zen.
Eutsi ez ezik, Realak ausart jokatzen jarraitu zuen, eta arrisku asko sortu zuen, bereziki Barrenetxearen, Braisen eta Merinoren eskutik; nabarmentzekoak dira Traore eta Tierney hegaletako atzelarien erasoak. Atzean ere sendo ibili ziren txuri-urdinak, erdilarien zein atzelarien lan bikainari esker. Eta Inter Milanek izan zuen aukerarik argiena Merinok bikain gelditu zuen, gero jokoz kanpo egoteagatik jokaldia bertan behera utzi bazuten ere.
Gol aukerak ugariak izan ziren Realarentzat: Oiartzabalek bi aukera argi izan zituen, baina zorte txarrak jota dabil kapitaina; Merinok buruz errematatu zuen korner bat eta zutoinera bidali zuen, eta abar.
Aldaketek ez zuten funtzionatu
60. minututik aurrera, aldaketak egiten hasi zen Imanol Alguacil entrenatzailea, baina ez zuten funtzionatu eta taldea atzean sartzen hasi zen pixkanaka. Cho saiatu zen baina ez zuen arriskurik sortu, Odriozolak fisikoki batere ondo ez dagoela erakutsi zuen eta Sadiq ez zen gai izan arriskurik eta presio eraginkorrik sortzeko. Aihen eta Pacheco ere zelairatu ziren, eta defentsa lanetan aritu ziren.
Inter Milan gero eta baloi gehiago edukitzen ari zen, eta azken hamar minutuetan hasi zen benetan arriskua sortzen. Tartean, italiarrek gol bat sartu zuten baina jokoz kanpo egoteagatik bertan behera utzi zuen epaileak, eta euren jokalari bati txartel gorria atera zion epaileak, baina VAR-ean berrikusi ostean, kendu egin zion gorria. Horrela, 87. minutuan Lautarok berdinketaren gola sartu zuen.
Ez zen askoz gehiago egiteko astirik izan, eta berdinketarekin amaitu zen neurketa. Realak gehiago merezi izan zuen, baina partidak itxi egin behar dira, eta txuri-urdinek ez zituzten euren aukerak aprobetxatu. Horrela ere, Inter Milanen aurka berdinketa bat lortzea oso emaitza ona da, aurreikuspen guztiek baitiote italiarrak izango direla Realaren multzoko liderrak. Italiarrei begietara begiratzeko gai izan badira, txuri-urdinek Benficari eta Salzburgori irabazi ahal diote.
Youth Leaguen, berdinketa
Lehenengo taldeak bezala, Realeko jubenilek ere berdindu egin zuten Inter Milanekoen aurka Youth League txapelketan. 3-3 amaitu zen norgehiagoka, Ekain Orobengoa Arbelaizen gol batekin eta Jon Martinen bi golekin.