Realeko neskak Kontxako txapeldunekin arraunean aritu dira
Donostia Arraun Lagunak-ek bisita berezia izan zuen asteartean Martuteneko Lugañenea baserrian: Realeko neskena. Jokalariak, zuzendaritzako kide batzuk eta Natalia Arroyo entrenatzailea egon ziren han, Kontxako Bandera irabazi berri duen klubeko arraunlariekin eta klubeko beste hainbat kiderekin batera, arraunean.
Lehenik eta behin, Donostia Arraun Lagunak-ekoek arraun egiten irakatsi zieten txuri-urdinei; Kontxa irabazi berri duten arraunlariak baino irakasle hoberik ez dute aurkituko! Egoitzan bertan zenbait irakaspen jaso ostean, Urumea ibaira joan ziren traineruekin, eta elkarrekin aritu ziren arraunean, giro ederrean. Uretan aritzeaz gain, arraunaren beste partea ere bizi izan zuten Arroyoren jokalariek, lehorreratzean traineruak garbitzen ere aritu baitziren.
Realak bideoan jaso zuen egitasmoa, eta jarraian ikus dezakezue; behean, Donostia Arraun Lagunak-ek egindako zenbait argazki ere ikus ditzakezue: