8-80 hiriak: mugikortasuna bizikletaren bidez eraldatzen
8-80 hirien ideia egungo mugikortasun eredu nagusiaren alternatiba gisa jaio zen, autoa mugikortasun ereduaren erdigunetik kenduta. Hiriak adin guztietako pertsonentzako egokiak izatea da helburu nagusia.
XX. mendearen hasieran autoaren erabilera, ordura arte elitearentzat soilik eskuragarri zena, gizarte osoari zabaldua izan zen autogintza enpresen interes ekonomikoak bultzatuta. Honek hiriak planifikatzeko moduaren eraldaketa ekarri zuen. Herritarren eta oinezkoen beharrak bigarren maila batera igaro ziren, eta ibilgailu motordun berri hauentzako eta garraioaren eraginkortasunarentzako ikuspegi bat ezarri zen. Honek hirien gizarte egitura erabat aldatzea eta baldintzatzea eragin zuen, eta gaur egun oraindik ere jasaten ditugu eraginak.
Pixkanaka, urteak pasatzen ziren heinean, ikuspegi unidimentsional honek mugikortasunean zituen ondorio negatiboak gero eta nabarmenagoak bihurtu ziren: zirkulazioaren pilaketak, airearen kutsadura, istripuak eta hiriko bizi kalitatearen okertzea. Gainera, ikusi ahal izan zen hiri eredu hau ez zela hain inklusiboa eta lagunkoia zenbait talde demografikorentzat, hala nola, haurrentzat edo heldu nagusientzat. Azken hamarkadotan, geroz eta herritar eta kolektibo gehiago izan dira, Kalapie barne, eredu honen aurka altxatu direnak eta alternatibak eskatu dituztenak.
8-80 hirien oinarriak
8-80 hirien kontzeptua hiri diseinurako eta autoa ardatz duen mugikortasunerako ikuspegi alternatibo gisa sortu zen. Oinarrizko ideia da hiri batek adin guztietako pertsonentzat egokia izan beharko lukeela, 8 urteko ume batetik hasita, 80 urteko helduetara iritsi arte. Ikuspegi honen bidez, automobilean oinarritutako plangintzaren joera irauli nahi da, eta pertsona guztientzako hiri ingurune seguruak, irisgarriak eta erakargarriak sortzera bideratu. Haien adina edo trebezia edozein delarik oinez eta bizikletaz mugitzera erakarri eta horretarako lagunduko dituena.
8-80 hiriek hiri mugikortasunean oreka berrezartzea dute helburu, pertsonak hiri diseinuaren erdigunean jarriz. Filosofia honen arabera, haurrentzat eta jende adindunarentzar hiri segurua eta erakargarria diseinatzen bada, hiritar guztien mesederako izango da.
8-80 hirien funtsezko elementuak
8-80 hiri kontzeptuaren funtsezko zutabeak honako hauek dira:
Lehenik, Irisgarritasun Unibertsala. Hiri inguruneak sortzeko funtsezko zutabea da, herritar guztiak, haurrak, ezgaitasunak dituzten pertsonak eta adinekoak barne, erraz eta segurtasunez mugitu ahal izateko inguruneak sortzea. Espaloi zabalak eta nibelatuak, sarbide arrapalak eta zebrabide seguruak jartzea eta oztopo fisikoak kentzea funtsezko elementuak dira.
Bigarrenik, Pertsonentzako Diseinuak. 8-80 hiriek hiri diseinua birdefinitzen dute, ibilgailuen ordez, pertsonentzako ikuspegiarekin. Honek esan nahi du espazio publiko erakargarriak eta funtzionalak sortzea, elkar eragin soziala, jokoa eta jolasa sustatzen dituztenak. Plazak, parkeak eta oinezkoentzako kaleak elkargune eta elkarbizitzarako gune bihurtzen dira.
Hirugarrenik, Garraio Aktiboaren Sustapena. Mugikortasun aktiboa, batez ere bizikletazkoa, garrantzi handikoa da 8-80 hirietan. Bizikleta garraiobide nagusi gisa sustatzeak onura ukaezinak ditu: ingurumena zaintzen du, osasuna sustatzen da eta ibilgailuen pilaketak murrizten ditu. Bizikletentzako azpiegitura seguruak, erosoak eta erakargarriak sortzea funtsezkoa da erabilera hiritarren artean bultzatzeko.
Laugarrenik, Bide Segurtasuna. Bide segurtasuna funtsezko alderdia da 8-80 hirietan. Hiriguneetan abiadura murriztea eta segurtasuna hobetzea kaleen diseinu bidez, seinaleak egokiak ezartea eta bide hezkuntzako programak garatzea beharrezko neurriak dira bidearen erabiltzaile guztientzat ingurune segurua sortu ahal izateko.
Bizikleta 8-80 mugikortasunaren zutabe gisa
8-80 hirien ikuspegiaren barruan, bizikleta protagonista da mugikortasunaren eraldaketan. Garraiobide moldagarria da, adin guztietako pertsonek erabil dezaketena; bai muntatzen ikasten ari diren haurrek, zein mugimendu leun eta osasungarri bat bilatzen ari diren helduek. Era berean, mugikortasun demokratikorako bide bat da; izan ere, ibilgailua erostearen kostu ekonomikoa txikia da, eta erabiltzen ikastea autoarekin egin beharreko prozesua baino askoz errazagoa da. Beraz, bizikleta soluzio integrala da, aldi berean hainbat hiri erronkari aurre egiten baitie.
Kalapietik 8-80 hirien ikuspegi hau babesten dugu, eta uste dugu kontzeptu honek bide orria markatu behar duela gaur egungo bidegorri sarea berritzera etorriko diren politiketan. Zehazki, gure bizikleta bideak gero eta erakargarriagoak, seguruagoak eta erosoagoak izan daitezen bilatuz, edozein adin edo baldintzatako pertsonentzat. Honela, Donostia bizigarriago, iraunkorrago, seguruago eta osasuntsuago bat izan ahalko dugu.